Gizartea
Ituna ekainean bukatuko da
Bizkaiak ez du luzatuko Gipuzkoak Igorrera zaborra eramateko akordioa
Erredakzioa
Orain arte, Gipuzkoak 25.000 tona zabor eraman ditu Igorrera urtean.
-
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. EFE
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du ez dutela luzatuko Gipuzkoak Igorreko zabortegira zaborra bidaltzeko duela lau urte sinatutako akordioa.
2008tik, Gipuzkoak 25.000 tona zabor eraman ditu urtean Igorrera.
Onda Vasca irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Bilbaok kritikatu du azken aldian "hitzontzikeria asko" izan dela Gipuzkoako Aldundiaren aldetik.
Ahaldunaren esanetan, Bizkaiak eta Gipuzkoak akordioa zuten, baina betiere Gipuzkoak "hondakinak kudeatzeko plana abiatu arte". "Elkartasun akordioa izan zen", adierazi du.
Horren ildotik, Bilbaok Batzar Nagusietan onartutako inbertsio eta kudeaketa planak geldiarazi izana egotzi dio Gipuzkoako Aldundiari.
"Zer egiten da zabor guztiarekin? Ekainaren 12an bukatuko da hitzarmena, eta ikusiak ikusita, Bizkaiko Aldundiak ez du luzatuko", ohartarazi du.