Gizartea
BILBO
Ostiralean jarriko da martxan Bilboko tranbiaren Atxuri eta Bolueta arteko tartea
EITB MEDIA
Bilboko tranbiak sei minutuan egingo du 2,3 kilometroko ibilbide berria. Juan Mari Aburtoren arabera, Atxuri, Abusu eta Bolueta auzoentzat ez ezik, Bilbo osorako da albiste bikaina tranbiaren zabalkundea.
-
Arriola eta Aburto, Bilboko tranbiaren luzapenaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Ostiraletik aurrera egongo da martxan Bilboko tranbiaren zerbitzua Atxuri eta Bolueta artean, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur goizean iragarri dutenez. Bilboko tranbiak sei minutuan egingo du 2,3 kilometroko ibilbide berria.
Juan Mari Aburtok azpimarratu duenez, Atxuri, Abusu eta Bolueta auzoentzat ez ezik, Bilbo osorako da albiste bikaina tranbiaren zabalkundea: "Zalantza barik albiste bikaina da Atxuri, Abusu eta Bolueta auzoetarako, baina baita Bilbo osorako ere. Gure hirian tranbiaren sarea garatzeko beste urrats bat da eta horrekin are gehiago indartzen dugu Eusko Jaurlaritzarekin dugun konpromisoa".
Bilboko tranbiak 8 kilometroko ibilbidea eta 16 geltoki izango ditu, ostiraletik aurrera, Bolueta eta Casilla artean. Tranbia Boluetaraino luzatzeko 5,2 milioi euroko inbertsioa egin da: diru horren % 65 Eusko Jaurlaritzak ordaindu du, eta gainerako % 35a, Bilboko Udalak.
Tranbia Boluetaraino luzatzeak azken urteotan hirigintzaren ikuspegitik garapen nabarmena izan duen auzoko geltoki berritik gertu bizi diren 3.000 pertsona ingururi egingo die mesede.