Itxi

Gizartea

Iragarpena

Giro argi eta epelarekin datorkigu asteburua

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Araba hegoaldean eta Nafarroan hodeitsuago egongo da zerua, baina gainerakoan eguzkia izango da jaun eta jabe. Termometroak 20 ºC-ra helduko dira isurialde atlantikoan eta 15-16 ºC ingurukoak barnealdean.

  • Emakume bat Donostiako ikuspegiaz gozatzen.

    Emakume bat Donostiako ikuspegiaz gozatzen. Artxiboko argazkia: EFE

Udaberria igandean hasiko da, eta badirudi aroak urtaroarekin bat egin nahi izan duela. Izan ere, giro argi eta epela izango dugu nagusi asteburu honetan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta EITBko Meteorologia Zerbitzuak egindako iragarpenaren arabera.

Eguraldiak egonkortzera egingo du ostiral honetan bertan, eta arratsalderako atertu eta hodeitza saretzen hasiko da. Hala, egunaren amaieran, ostarte zabalak agertuko dira. Gainera, azken orduetan izan dugun ipar-haizeak indarra galduko du arratsaldean, eta hego-ekialdetik finkatuko da gauean. Hori da, hain justu, asteburu osoan izango duen norabidea, eta horrenbestez, tenperaturak gorako bidea hartuko du.

Larunbatean, oro har, giro eguzkitsua izango da, eta termometroak nabarmen igoko dira. Nafarroa erdialde eta hegoaldean, behe-hodeiak agertuko dira tarteka, baina ostarte zabalak izango dira gainerakoan egun osoan. Giro epela nagusituko da, eta tenperaturak 19-20 ºC-ra iritsiko dira Bilbon, Donostian eta Baionan, eta 15-16 ºC ingurukoak izango dira Gasteizen eta Iruñean. Haizeak hego-ekialdetik joko du bolada gogorrekin; beraz, enbarazu egingo du tarteka. Ebro ibarrean goizean goiz behe-lainoa agertuko da. Pirinioetan ez da baztertzen zaparradaren bat botatzea arratsalde-gau partean.

Iganderako ez da aldaketa handirik espero. Bezperan bezala, hodeiak ugariagoak izango dira Nafarroan eta Araba hegoaldean. Isurialde atlantikoan, ordea, giro eguzkitsua izango da egun osoan. Hego-ekialdeko haizeak traba egingo du. Tenperaturek ildo beretik jarraituko dute.