Gizartea
KORONABIRUSA
14 eguneko intzidentzia metatua 500 kasutik gertu dago, eta R0 indizeak 1 inguruan jarraitzen du
Naiara Ballesteros | EITB Media
Ospitaleetako presioak ere bere horretan dirau, ZIUetako oheak apur bat jaitsi direlako eta gela arruntetako pazienteak pixka bat igo direlako. Asteko positiboen kopurua ere aurreko astekoaren antzekoa da.
-
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) covid-19aren pandemiaren egoerak bere horretan jarraitzen du intzidentzia metatuaren gorakadarekin eta R0 indizearen geldialdiarekin, ZIUetan ospitaleratutako pertsonen beherakada txiki batekin eta gela arruntetako pazienteen gorakada arinarekin.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan eguneratutako buletin epidemiologikoaren arabera, aste honetan 5.375 positibo berri atzeman dituzte, duela astebete baino 128 gehiago; horietatik 979, asteazkenean. 5.991 proba diagnostiko egin ostean, egindako proben % 16,3k eman dute positibo.
14 eguneko intzidentzia metatuaren bilakaerak gorantz jarraitzen du, eta dagoeneko 482,88 kasura iritsi da 100.000 biztanleko, joan den ostegunean baino 57 puntu gehiago.
Gipuzkoa da oraindik intzidentzia handiena duen lurraldea (540,4 kasu), baina adierazle horretan beherakada izan duen bakarra da, Bizkaiak eta Arabak 445,5 eta 464,2 kasuraino egin baitute gora, hurrenez hurren.
Zazpi eguneko intzidentzia metatutaren bilakaera ere ez da positiboa, epe laburragorako joera adieraz baitezake eta 5,82 puntu igo baita 100.000 biztanleko, 244,35 kasuraino.
Oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, % 1,03koa da, astelehenean (1,01) baino zertxobait handiagoa.
R0 indizeari dagokionez, Gipuzkoak du daturik onena (0,92), eta behera egiten jarraitzen du; Bizkaian (1,12) eta Araban (1,06) datu okerragoa dute, eta gora egiten ari da.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, guztira 170 paziente daude ospitaleratuta, 147 gela arruntetan (duela astebete baino 9 gehiago) eta 23 ZIUetan (joan den ostegunean baino zazpi gutxiago).
Atzo 26 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19aren konplikazioengatik, igandean baino 5 gutxiago, baina aste honetako asteartean (15) baino askoz gehiago.