Itxi

Ekonomia

HEZKUNTZA

Jokin Bildarratz: "Testua ezagutu gabe greba deitzea harrigarria da"

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Hezkuntza sindikatuek martxoaren 25erako deitutako grebaren inguruko lehen balorazioa egin du Jokin Bildarratz sailburuak.

2:32
Jokin Bildarratz. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak harrituta hitz egin du sindikatuek martxoaren 25erako greba deitu dutela ezagutu berritan: "Harrigarria da elkarrizketaren mezuari greba baten bitartez erantzutea, oraindik ezagutzen ez dugunean inongo testurik".

"Harritu egiten nau momentu honetan greba deitzeak, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak hezkuntza hitzarmena elkarrizketaren bitartez jorratu nahi duela esan duenean", adierazi du sailburuak. "Zaila da ulertzea. Egin behar dugun galdera da zer irabazten eta zer galtzen duten ikasleek greba honekin", gehitu du.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Hezkuntza sindikatuek martxoaren 25erako deitutako grebaren inguruko lehen balorazioa egin du Jokin Bildarratz sailburuak.

Bildarratzek azpimarratu duenez, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioak hezkuntza hitzarmenaren zirriborroaren inguruan negoziatzen ari dira. 100 emendakin baino gehiago aurkeztu dituzte eta oraingoz ez dago behin betiko testurik. Taldeek ostiralera arteko epea dute negoziatzeko.

Bestalde, nabarmendu nahi izan du hezkuntza itun horretan ez direla langileen eskubideez hitz egiten ari, "etorkizuneko hezkuntza hitzarmenaren oinarriaz ari da". Halaber, gogora ekarri du Hezkuntza lantaldeak lehen testua idatzi aurretik 100 eragile sozialek baino gehiagok egin zutela agerraldia Eusko Legebiltzarrean.

ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek martxoaren 25erako greba eguna deitu dute Hezkuntzan, hezkuntza itunaren zirriborroarekin bat ez datozela argudiatuta.

"Publikoa, euskalduna eta propioa" lelopean, hezkuntza sistema osorako egin dute greba deialdia publikoan, itunpekoan eta Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan.