Gizartea
KORONABIRUSA
Euskadik 31 heriotza izan ditu astebetean, eta covid-19aren beste adierazle batzuek ere behera egin dute
Naiara Ballesteros | EITB Media
ZIUetako okupazioak, 31 pazienterekin, beherantz jarraitzen du, baita R0ak ere, 1,01ean baitago. 14 eguneko intzidentzia metatuak, berriz, hazten jarraitzen du.
-
Basurtuko Ospitaleko zainketa intentsiboak. Argazkia: EFE.
Covid-19 gaitzak eragindako 31 hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoaren 7tik 13ra bitarteko astean, aurrekoan baino bederatzi gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan eguneratu duen buletin epidemiologikoaren arabera. Iazko abenduaren amaieratik ez da heriotza gutxiago izan pandemiaren ondorioz.
Ospitaleetako egoerari erreparatuta, 31 erietxeratze berri izan dira igandean, bezperan baino 15 gehiago, eta orotara 202 gaixo daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 11 gehiago, 176 gela arruntetan (26 gehiago) eta 26 ZIUetan (bost gutxiago). Urtarrilaren erdialdetik aurrera, oro har, ospitaleratuen kopuruak beheranzko joerari eusten zion, baina joan den asteburuan gora egin du.
14 eguneko intzidentzia metatuaren bilakaera ere ez da positiboa; izan ere, gora egiten jarraitzen du duela hamar egunetik hona, eta dagoeneko 453,79 kasura iritsi da 100.000 biztanleko, aurreko datu ofizialean baino 28 puntu gehiago.
Adierazle horrek goranzko joera berretsi du hiru lurraldeetan: 518,14 kasu Gipuzkoan, 434,57 Araban eta 411,56 Bizkaian. Hiriburuetako egoerari dagokionez, Gasteizko intzidentzia metatua 427,27 kasukoa da, Bilbokoa 444,18koa eta Donostiakoa 579,52koa.
Zazpi eguneko intzidentziak, epe laburragorako joera adieraz dezakeenak, apur bat behera egin du aurreko txosten ofizialarekin alderatuta, eta R0 adierazleak ere, gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen erakusten du, joera aldaketa adierazten duela dirudi.
Gaitza atzemateko 3.039 proba diagonostiko egin dituzte EAEn igandean eta horietatik 428 positibo izan dira, hau da, egindako proben % 14,1.
Adinari dagokionez, 0-9 urteko taldean 14 positibo aurkitu dituzte azken egunean eta intzidentzia metatua 180,14 kasukoa da, 10-19 urtekoenean 7 (285,49), 20-29 urtekoenean 31 (585,89), 30-39 urtekoenean 73 (625,31), 40-49 urtekoenean 83 (547,26), 50-59 urtekoenean 93 (515,19), 60-69 urtekoenean 43 (323,45), 70-79 urtekoenean 39 (441,89), 80-89 urtekoenean 32 (430,14) eta 90 urtetik gorakoen artean 13 (561,90).
Bestalde, covid-19az infektatutako pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen duen oinarrizko birsorkuntza tasa 1,01ekoa da erkidego mailan, eta lurraldez lurralde, 1,01ekoa Araban, 0,99koa Bizkaian eta 1,03koa Gipuzkoan.