Gizartea
MIGRAZIOAREN DRAMA
Korridore seguruak inoiz baino beharrezkoagoak direla esan du Eusko Jaurlaritzak
Ander Altuna | EITB MEDIA
Desagertutako migratzailearen bila segitzen dute Bidasoa ibaian, eta gertaera horri buruz mintzatu dira Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria eta Jon Aranguren Harrera Sareko kidea Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" saioan.
-
Xabier Legarreta, Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria, gaur, Irunen. Argakia: EITB Media
7:57 min
Goizeko zortzietan berrekin diete bilaketa lanei Bidasoa ibaian, Irun inguruan. Hiru pertsona saiatu ziren atzo arratsaldean Gipuzkoatik Lapurdirako muga zeharkatzen, baina bik bakarrik lortu zuten beste aldera iristea.
Eusko Jaurlaritzako migrazio zuzendari Xabier Legarretaren ahotan, "krisi honen aurpegirik dramatikoena ikusi dugu berriro", eta giza korridore seguruen aldeko mezu irmoa eman du, pertsona horien jatorriari erreparatu gabe: "Inoiz baino beharrezkoagoak dira. Bai Ukrainatik datozenentzat, bai Afrikatik datozen milaka eta milaka pertsonentzat ere".
Ildo beretik mintzatu da Irungo Harrera Sareako Jon Aranguren ere. Ohartarazi duenez, azken hilabetetan bikoiztu egin da mugara iristen ari diren migratzaileen kopurua. "Ez dakigu desagertutako pertsona hori gure ohiko guneetatik pasa zen edo ez", azaldu du.
Gaineratu duenez, "mutil gazteak dira harrera guneetara iristen diren gehientsuenak", eta ibaia ez zeharkatzeko esaten zaie guztiei Harrera Saretik. Hala ere, salatu du ezbeharra aurreikus zitekeela.
Atzo desagertutako pertsonaren heriotza baieztatuko balitz, 2022an Gipuzkoatik Lapurdirako bidean zeharkatu nahian zendu den lehendabiziko migratzailea litzateke. Iaz, beste hiru hil ziren Bidasoan itota, antzeko egoeran.
Halaber, iazko urrian hiru migratzaile hil ziren Ziburun, trenak harrapatuta, eta laugarren bat larri zauritu zen. Trenbidean lo zeudela, eguneko aldirietako lehendabiziko trenak harrapatu zituen eta bertan hil ziren.