Gizartea
Ukrainako Gerra
EAEko erakundeen harrera planaren gakoak
Eitb Media
Ukrainako gerratik ihes egin duten pertsonak hartzeko planak bi agertoki aurreikusten ditu.
-
Milaka lagun ari dira Ukraina uzten egunero. EFE
Ukrainaren inbasioaren ondorioz desplazatutako pertsonak hartzeko Euskadiko Lehen Kontingentzia Planak, euskal erakundeek gaur aurkeztutakoak, bi agertoki posible aurreikusten ditu, Ukrainatik iristen diren pertsonen kopuruaren arabera. Bi egoera horiek abiapunto hartzen dituzte euskal erakundeek jada badituzten baliabideak eta, behar izanez gero, baliabide horiek indartzea edo laguntza-baliabide berriak sortzea aurreikusten dute.
Hauek dira Kontingentzia Planak jasotzen dituen bi egoera posibleak:
1. agertokia. «Ohiko baliabideen sendotze bidezko harrera»
Agertoki honetarako hipotesia da, lehen aste hauetan 500 eta 700 pertsona artean iristea. Egoera horretan gaude orain.
Egoera horretan, harrera-baliabideak ditugu. Zehazki honako hauek dira:
-Estatuaren Harrera eta Integrazio Sistemaren barruan erabilgarri dauden plazak;
-Irun, Oñati, Tolosa eta Berrizko zentroen baliabideak;
-Euskadiko ostatu edo hoteletan ostatua hartzeko aurreikuspena;
-Alokabidek eta udalek eskain ditzaketen etxebizitzak;
-Herritarrek elkartasunez eta borondatez eskainitako etxebizitzak; edo ukrainar jatorriko familiek, senideak edo hurbilekoak etxean hartzeko asmoa dutenak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Gurutze Gorriarekin lankidetzan, telefono bat eta aurrez aurreko zerbitzu bat jarriko du hiru hiriburuetan, Euskadira iristen diren ukrainarrei informazioa eta arreta emateko.
2. agertokia. «Baliabide gehigarriekin» egindako harrera.
Egoera horretarako hipotesi gisa aurreikusten da 700 eta 1.500 pertsona artean iristea, kasu baxuenean, eta 1.500 eta 3.000 edo gehiago, kasu altuenean.
Agertoki honetan, 1. agertokiko baliabideez gain, harrera-baliabide gehigarriak ere zabalduko lirateke. Zehazki, honako hauek sortzea aurreikusten da:
- Borondatezko itzultzaileen sare bat;
- Hasierako informazio- eta harrera-zerbitzua aireportuetan, tren-geltokietan eta autobusetan;
- Harrera eta hasierako orientazio zerbitzua hiriburu bakoitzean;
- Larrialdiko ostatu-plana baliabide erabilgarrietan, hoteletan eta ostatuetan;
- Hasierako laguntza-zerbitzua eta bizileku-irtenbide egonkorra identifikatzea;
Hiru bizitegi-irtenbide egonkor ditugu: senideen edo hurbilekoen etxebizitzak, erakundeek jarritako etxebizitzak eta eskaintza sozialeko etxebizitzak.
Foru-aldundiek familia-erreferenterik gabeko adingabeei eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei beharrezko arreta ematea ere aurreikusten da.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek, bestalde, gizarteratzeko ohiko erreferente gisa jardungo dute.