Gizartea
Memoriaren ibilbidea
Oinezkoentzako pasagune bat ireki dute Artxandan, Bilbo gerratik "babestu" zuen lubakira iristeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Egurrezko pasabide horri esker errazago hel daiteke Burdin Hesiko zati horretara eta Hatz Markaren parkera. Memoriaren ibilbidean dago, beraz, Artxandan ireki duten pasagune berria.
-
Artxandan eraiki duten oinezkoentzako pasabidea. Argazkia: Bilboko Udala
Oinezkoentzako pasabide bat zabaldu dute Bilbon, Artxandako lubakia bisitatu ahal izateko. Frankisten tropetatik babesteko, 1936an Eusko Jaurlaritzak altxatutako 80 kilometroko gotorlekura heltzea erraztuko du horrek.
Bilboko Udalak lubaki horren balioa nabarmendu du, eta esan du Artxanda mendia "giltzarri" izan dela Bilboren historian eta Memoria Historikoaren berreskuratzean.
Irekiera ekitaldian Bizkaiko hiriburuko alkate Juan Mari Aburto, Sondikako alkate Xabier Zubiaur eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro izan dira.
Esan bezala, egurrezko pasabide berriari esker errazago hel daiteke orain Burdin Hesiko zati horretara eta Hatz Markaren parkera. Memoriaren ibilbidean dago, beraz, Artxandan ireki duten pasagunea.
159.189 euroko inbertsioa egin dute bertan, eta lau hilabeteko epean bukatu dituzte lanak.
Pasabideak 186 metro luze eta 2 metro zabal ditu, eta bi informazio gune dauzka.