Gizartea
KORONABIRUSA
Zubia: "Kontaktu estuek koarentena egin beharrik ez badute ere, sintomak izanez gero, testa egin behar da"
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Neurriak arintzen ari diren honetan, gaitzak hor jarraitzen duela "ahanzteko arriskua" ikusten du Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak eta heriotza kopuruak oso altua izaten jarraitzen duela gogoratu du. Horregatik, sintomei adi egoteko eskatu du.
-
Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko burua, EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.
26:44 min
Atzotik, covid-19an positiboa eman duen pertsona batekin kontaktu estua izan dutenek ez dute koarentena egin beharko. Txertoaren pauta osoa zuten herritarrek ez zuten berrogeialdirik egin behar orain arte, baina besteek bai. Larunbatetik indarrean den neurri berriak itxialdia egitetik salbuesten ditu, beraz, kontaktu estu guztiak, baina sintomei adi jarraitu beharra dagoela eta segurtasun neurriak bete behar direla gogorarazi du gaur Felix Zubiak Euskadi Irratian: "Koarentena egin behar ez izateak arrisku bat du, birusari garrantzia kentzea edo gaitzak hor jarraitzen duela ahaztea. Hala, kontaktu estuek euren burua zaindu behar dutela gogoratu beharra dago. Sintomekin hasten den edonork testa egin behar du eta begiratu" esan du; bestela, birusaren transmisio kateak ez direla etengo.
Izan ere, egoerak hobera egin duen arren, hildakoen kopuruak oso altua izatean jarraitzen duela nabarmendu du Zubiak, 79 azken astean (11 baino gehiago egunero). Gauzak horrela, prebentzio neurriak bertan behera ez uzteko deia egin du berriz ere, pertsona zaurgarrienek batez ere.
Barrualdeetan eta jendetza biltzen den tokietan musukoa jantzi beharra dagoela azpimarratu du eta etorkizun hurbilean barrualdeetan ere, agian, maskara behar izango ez den arren, aurrez egin beharko liratekeen proben emaitzak, intzidentzia maila eta hildakoen kopurua kontuan hartu behar direla defendatu du, murrizketak kentzeko.
Iparraldean ez da beharrezkoa musukoa erabiltzea barrualdeetan otsailaren 28tik, txertaketa pasaportea eskatzen duten tokietan eta martxoaren 14tik aurrera, txertaketa pasaportea ere desagertu egingo da. Musukoa garraio publikoan, ospitale eta osasun zentroetan nahiz adinekoen egoitzetan bakarrik izango da derrigorrezkoa, eta azken horietan osasun pasaportea ere eskatuko dute sartzeko. Horri buruz galdetuta, eskoletan probak egiten hastearen aldekoa da Zubia, haurrek toki itxietan maskara kentzen hastea, alegia, "pixkanaka hasi eta neurriak ez kolpetik kendu. Haurrekin hasi eta neurtu, emaitzak ikusi eta emaitza horien arabera, gaixotasunaren intzidentzia mailaren arabera eta heriotza kopuruaren arabera, eredua helduetara pasa". "Urruti ez dago maskara kentzeko eguna, baina pixkanaka joan behar da" berretsi du medikuak.
Azkenik, Nafarroan egin nahi duten seroprebalentzia azterketa oso positibotzat jo du Zubiak: "Batetik, zenbatek dituzten defentsak jakiteko balioko du eta baita nola lortu duten ere, infekzioari esker edo txertoari esker. Hala, immunitatearen inguruko datu horien arabera hartu ahal izango dira etorkizuneko erabakiak, taldeka, adinka... etab. Osasun publikoaren inguruko erabakik datuen arabera hartuko dira, alegia".