Gizartea
Koronabirusa
Berrogeialdien amaiera izango dute eztabaidagai gaur Osasun Ministerioak eta erkidegoek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sanchezek bart iragarri du “berandu baino lehen” utziko dutela bertan behera barnealdeetan maskara erabiltzeko derrigortasuna. Baliteke arratsaldeko bileran gai horri ere heltzea.
-
Osasun Publikoaren Batzordea. EFEren artxiboko argazkia
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek covid-19 positiboen gertuko kontaktuek, txertatuta egon ala ez, berrogeialdirik ez egitea aztertuko dute arratsaldean, Osasun Publikoaren Batzordean. Halaber, pandemiaren kudeaketaz jardungo dute, hainbat gai hizpide hartuta.
Astebeteko etenaldiaren ostean, eta berrogeialdien gaineko eztabaida puri-purian dagoen honetan, Osasun Ministerioak eta erkidegoetako osasun teknikariek txertatuta ez dauden pertsonekin hartu beharreko neurriei buruz eztabaidatuko dute.
Seigarren olatuak beheranzko joera hartu duenez eta hamabi urtetik gorakoen artean Estatuan txertaketa tasa % 92koa denez, Kataluniak, adibidez, eskolako berrogeialdiak bertan behera uztea erabaki zuen asteazkenean. Izan ere, 6 eta 11 urte bitartekoei eragingo lieke, batez ere, berrogeialdien balizko amaierak, % 18k soilik jaso baitituzte bi dosiak.
Esan bezala, beste gai batzuei ere helduko diete gaurkoan, Evusheld botikarekin txertatzeko estrategiaz ere arituko baitira.
Maskara barnealdeetan
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, bestalde, bart iragarri du "berandu baino lehen" utziko dutela bertan behera barnealdeetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna.
Data zehaztu ez badu ere, ziurtatu du "aurki" hartuko duten erabaki bat dela, betiere, komunitate zientifikoak eta autonomia erkidegoek hala adosten badute.
"Ez dut hanka sartu izan nahi, haiei (komunitate zientifikoa) baitagokie data zehaztea", esan du Sanchezek.