Gizartea
koronabirusa
Bi pandemia urteren balantzea Euskadin: 651.000 kasu eta 6.000 hildako baino gehiago
eitb media
Astelehen honetan, otsailak 28, bi urte beteko dira EAEko lehenengo bi koronabirus kasuak iragarri zituztenetik, Gipuzkoan eta Araban. Martxoaren 4an izan zen lehen heriotza.
-
Musukoak ezinbesteko osagarri bilakatu dira. Argazkia: EFE
Astelehen honetan bi urte beteko dira Euskadin lehenengo bi covid-19 kasuak atzeman zituztenetik, 2020ko otsailaren 28an. Pandemia honek 6.000 heriotza baino gehiago utzi ditu azken urteotan, 650.000 pertsona inguru kutsatuta.
Milanera bidaiatu zuen emakume gipuzkoar batena izan zen lehen kasua. Koronabirusaren intzidentzia handia zen bertan, egun batzuk lehenago. Bigarren kasua, berriz, Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko mediku batena izan zen; Euskadin SARS-CoV-2 hedatu zuen lehen infekzio-fokuetako bat.
Covidak eragindako lehen hildakoa 82 urteko gizon bat izan zen. Martxoaren 4an hil zen, Bizkaian. Gainera, martxoaren 19an 52 urteko erizain bizkaitar bat hil zen; koronabirusaren ondorioz Estatu osoan hildako lehena.
Zenbait egun beranduago, 2020ko martxoaren 13an, alarma-egoera ezarri zuten, aurrez aurreko eskola jardueraren etetearekin, etxean ixteko derrigortasunarekin eta jarduera ekonomiko eta sozialaren murrizketekin. Ospitaleetako presioak gailurra jo zuen, eta ibilbide luzea hasi zen orduan, covid-19aren aurkako txertoen etorrerak bakarrik piztu zuelarik tunelaren amaieran argia.
Denbora honetan zehar, sei olatu bizi izan dira. Azkenak, omikron aldaerak eragindakoak, kutsatzeak biderkatu ditu eta aldaera ustez arinagoa bada ere, hildakoen zifra lehen olatuko zenbakietaraino igo da.
Aditu askok iragarri dutenez, hau izan liteke pandemiarekin amaitu lezakeen aldaera.