Gizartea
adingabeei abusuak elizan
Joseba Segura, Bilboko gotzaina: "Abusuei buruzko lekukotza gehienak sinesgarriak dira"
agentziak | eitb media
Bilboko Gotzaitegiak erakunde independenteen esku utzi du Derioko apaiztegiko eta Erruki Etxeko abusuen ikerketa. Gotzainaren arabera, "gure historiaren alde ez hain polita onartzeko aukera" suposatzen du horrek.
-
Larunbat honetan bildu da Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua. Argazkia: Bilboko Elizbarrutia
Bilboko Gotzaitegiak iragarri duenez, Derioko apaiztegi zaharrean eta Erruki Etxean gertatutako ustezko sexu-abusuen ikerketa erakunde independenteen esku utziko du. Izan ere, ikerketa "espezifikoak" behar dituzte.
Joseba Segura Bilboko gotzainak Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua aurkeztu du larunbat honetan. Organo horrek Bizkaiko Elizbarrutiko estamentu desberdinak ordezkatzen ditu, ekintza pastoralak ikertu eta balioztatzeko.
Segura pil-pilean dagoen sexu-abusuen gaiaren inguruan aritu da. Adierazi duenez, "gure historiaren alde ez hain polita onartzeko aukera da".
Batzordearen lana eskertu du gotzainak, "oso ondo lan egiten" ari direlako, "euren esperientzia azaltzera bertaratzen diren biktimek" berretsi bezala. Azaldu duenez, "entzundako esperientziak serio hartzen dituzte"; gerturatzen diren pertsonek "partekatu ezin izan dituztenak, eta urte askotan zehar sufrimendu-iturri izan direnak".
Gaineratu du "lekukotza gehienak sineskorrak" direla, "zenbait pertsonak pentsa dezaketenaren aurka". Gainera, gai horretan sakondu du, esanez "Elizari min egiteko gauzak asmatzeak" ez duela "inongo justifikaziorik".
Haren aburuz, badira ikerketa espezifikoa eskatzen duten egoera zehatzak eta, horregatik, erakunde independenteen esku utziko dituzte. Horiek dira Derioko apaiztegiaren eta Erruki Etxearen kasuak.
Hasierako agurrean, aholkulariek egin beharko duten lana izan du hizpide Segurak. Funtsean, lan horrek "hurrengo Elizbarrutiko Ebanjelizazio Planaren lanketa" izango du ardatz. Elizbarrutiaren bide-orria izango da plana.
Era berean, nabarmendu du prest dagoela azken txostena. "Elizak nahi duenari" buruzko kontsultaren ostean, Madrilera bidaliko dute, eta hortik Batikanora.