Gizartea
koronabirusa
Covid-19ak eragindako ospitaleratzeak 100dik jaitsi dira Nafarroan, hildakorik izan ez den egun batean
agentziak | eitb media
Koronabirus kasu berriek 200 azpitik jarraitu dute eta ez da ospitaleratze berririk izan, Nafarroako Gobernuaren arabera.
-
Iruñeko kale bat. Argazkia: EITB Media
200 positibo berri baino gutxiago atzeman dituzte azken orduetan Nafarroan. 186 zenbatu dituzte ostiral honetan, aurreko eguneko 191k baino gutxiago, beraz. Gainera, ez da covid-19ak eragindako heriotzarik izan.
Nafarroako Gobernuak igorritako datuen arabera, azken egunean zehar ospitaleratze bakarra izan zen, gela arruntean. Hala, 99 dira ospitaleratutako pazienteak, horietako 11 ZIUn. Aurreko egunean, berriz, 104 ziren, eta horietako 13 Zaintza Intentsiboan zeuden.
Ostiralean 1.313 proba egin ostean hautemandako 186 kasu berriei dagokienez, horietako 59 Iruñean izan dira; 10 Mendillorri auzoan, 7 San Juanen, 6 Txantrean eta Milagrosan eta 5 Arrotxapean, II Zabalgunean eta Buztintxurin.
Gainerakoan, nabarmentzekoak dira Barañain (7), Lizarra (6), Gorraiz, Sarriguren, Mendabia eta Tutera (5) eta Cintruenigo (4).
Bestalde, txertatze-prozesuak aurrera darrai ostiral honetan emandako 1.300 dosiekin. Horiekin, 1.392.486 dira Nafarroan 2020ko abendu amaieratik txertatutako pertsonak. Guztira, 555.259 dira bertan jarraibide osoa daukatenak.