Gizartea
Botswanan
Aldaka hautsi du Erregeak eta ebakuntza egin diote Madrilen
Erredakzioa
Erregea erori egin da Botswanan, bidaia pribatu batean, eta ebakuntza egin behar izan diote. Aldakan protesi bat jarri diote.
-
Madrileko San Jose ospitalean egin diote ebakuntza. Argazkia: EFE
Ebakuntza egin diote Erregeari goizaldean, eskuinaldeko aldaka hiru zatitan hautsi eta gero, Botswanan, bidaia pribatu batean, Erregearen Etxeak ohar batean jakinarazi duenez.
Madrileko San Jose ospitalean egin diote ebakuntza. Aldakaren haustura artikulazio horretan duen artrosiari lotuta dago. Ondorioz, aldakan protesi bat jarri diote.
Erregea bart iritsi da San Jose ospitalera eta Angel Villamor medikuak egin dio ebakuntza, aldez aurretik, eskuineko belaunean beste protesi bat ezarri zion mediku berak.
Bitartean, erregina Grezian dago bere familiarekin Ortodoxoen pazko astea ospatzen eta Espainiara astelehenean iritsiko omen da.
Botswana, ehiztarien paradisua
Botswana paradisua da ehiza larri zaleentzat, luxuzko safariak eskaintzen baitituzte eta 37.000 euroren truke elefanteak ehizatzeko baimena eskuratu daiteke.
Juan Carlos erregea ehizan egon da aste honetan Botswanan, luxuzko kanpamentu batean.