Itxi

Gizartea

Sexu-abusuak adingabeei

Bermeoko Jose Done ikastetxean izan ziren sexu-abusuak gaitzetsi ditu Menetarren ordenak

EITB MEDIA

Bermeoko Jose Done ikastetxean izan ziren sexu-abusuak gaitzetsi ditu Menesianoen ordenak, eta barkamena eskatu die biktimei eragindako minagatik.

70eko hamarkadaren amaieran Bermeoko Jose Done ikastetxean izan ziren sexu-abusuak gaitzetsi ditu Menetarren ordenak, eskola aipatu ez badu ere, eta barkamena eskatu die biktimei eragindako minagatik.

Atzo, EITB Mediak Bermeoko ikastetxe horretan sexu-abusuak sufritu zituzten bi emakumeren testigantzak argitara atera zituen, eta horren ondotik iritsi da menesianoen adierazpen publikoa.

"Duela gutxi argitaratu diren informazioen aurrean, Kristau Instrukzioko Anaien Institutuak (Menetarrak) publikoki adierazi nahi du adingabeei egindako edozein abusu gaitzesten dugula, kaltetutako pertsonei gure babesa ematen diogula eta dagokigunaren ardura gure gain hartuko dugula", azpimarratu du ohar batean.

"Ezinbestekoa iruditzen zaigu gardentasunez aritzea, eta adierazi nahi dugu, iraganean edo egun, gure ardurapean egon diren pertsonen aurkako edozein motatako gehiegikeriak argitzea nahi dugula", erantsi dute.

"Gauzak horrela, erakunde gisa, eta betiere errugabetasun printzipioa errespetatuta, gure arbuiorik irmoena adierazi nahi dugu eta biktimei barkamena eskatzen diegu eragindako sufrimenduagatik", nabarmendu dute agirian.

Halaber, erakundek horrek ziurtatu du egun protokolo bat daukala "ikasleen segurtasuna eta babesa bermatzeko" bere ardurapean egiten diren ekintza guztietan.

Ildo horretan, beren konpromisoa agertu dute "edozein motatako gehiegikeriak jasan dituzten pertsonei laguntza emateko eta egia bilatzeko".

Menetarren ordenak bederatzi ikastetxe ditu Espainian eta hiru Euskal Autonomia Erkidegoan: Langraiz Okan, Portugaleten eta Bilbon.