Gizartea
KORONABIRUSA
Sagardui: "Osakidetzak kirurgiak eta aurrez aurreko jarduera berreskuratzen jarraitzen du"
Naiara Ballesteros | EITB Media
Inauteriak direla eta, Osasun sailburuak "zuhurtziaren eta norbanakoaren erantzukizunaren printzipioei eusteko" eskat du.
-
Vitoria-Gasteizko Osasun Zentroa. Argazkia: EFE.
Pandemiaren bilakaera ona Osakidetzaren jarduera berreskuratzean islatzen da, "kirurgiak eta Lehen Mailako Arretan jarduera presentziala berrezartzen jarraitzen baitu", Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan adierazi duenez.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, sailburuak esan du goizeko kirurgiaren errekuperazioa erabatekoa dela zentro guztietan eta arratsaldean % 80an dagoela. Osakidetza 500 kirurgia inguru egiten ari da egunean.
Ildo horretan, Osakidetza egunean 500 kirurgia inguru egiten ari dela azaldu du. "Kontuan izan behar da atzeratu ahal izan diren kirurgiak direla, Osakidetzak etengabe egin baititu premiazko kirurgia onkologikoak", gaineratu du.
Lehen Mailako Arretari dagokionez, Sagarduik esan du sartu diren deiek behera egin dutela: "Seigarren olatuaren unerik txarrenean egunean 70.000 dei izatetik egunean 30.000 dei izatera igaro dira", azpimarratu du.
Halaber, adierazi du Osakidetzaren irisgarritasunak, hots, lehenengoan artatzen diren deien ehunekoak, gora egiten jarraitzen duela. Duela hilabete, hain zuzen, irisgarritasuna % 60koa zen. Orain, egoera lasaiagoan, irisgarritasuna % 93koa da. Hau da, "Osakidetzari zuzendutako dei gehienak lehenengoari erantzuten zaizkio", adierazi du.
Era berean, Lehen Mailako Arretako aurrez aurreko arreta ere pixkanaka berreskuratzen ari da, eta % 50 ingurukoa da. Sailburuaren arabera, pandemiaren aurreko datuetara iristea da helburua, hau da, % 65 ingurura.
Pandemiaren bilakaerari dagokionez, sailburuak azpimarratu du bilakaerak positiboa izaten jarraitzen duela eta kutsatzeek behera egiten jarraitzen dutela. Urtarrilaren 31n 3.731 positibo izan ziren, eta gaur 417 izan dira, hau da, covid-19ak eragindako kutsatzeak % 89 jaitsi dira hiru astetan.
Gela arruntetan dauden gaixoen kopurua ere % 52 jaitsi da, eta ZIUetako pertsonen kopurua % 33. Azken datuen arabera, 250 pertsona daude ospitaleratuta gela arruntetan eta 59 zainketa intentsiboetako unitateetan.
14 eguneko intzidentzia metatua 677 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta birsorkuntza indizea eta tasen arrazoia 1etik behera mantentzen dira.
Halaber, tendentzia erakusten duten adierazleek, hau da, erreprodukzio-indizeak eta tasen arrazoiak, 1 azpitik daudela esan du.
Hala, Osasun sailburuak herritarrak zoriondu ditu, "haien jarreragatik eta prebentzio-neurriak betetzeagatik". Ildo horretan, eta inauteriei lotutako etorkizuneko datak direla eta, Gotzone Sagarduik "zuhurtziaren eta norbanakoaren erantzukizunaren printzipioei eusteko beharra" azpimarratu du.