Gizartea
EITB Mediaren esklusiba
Bermeoko Jose Done ikastetxean duela 40 urte jasandako abusuak salatu dituzte 2 emakumek Bilboko Elizbarrutian
EITB MEDIA
Sexu-abusuak 70eko hamarkadaren bukaeran gertatu ziren eta ustezko erasotzailea Bermeoko Jose Done ikastetxeko zuzendari ohia da. EITB Mediak salaketa jarri duten bi emakumeekin hitz egin du eta astearte honetan beste bi biktimaren testigantzak argitaratuko ditu.
-
Bermeoko Jose Done ikastetxean sufritu zituzten sexu-abusuak salatu dituzte bi emakumek.
1976 eta 1981 urteen artean, Bermeoko Jose Done ikastetxeko zuzendariak ustez egindako sexu-abusuak salatu dituzte bi emakumek Bilboko Elizbarrutiaren aurrean. Elizbarrutitik gertatutakoa argitzeko asmoa agertu diete.
Orain arte, EITBk bost salaketaren berri izan du.
EITB Mediari eskainitako elkarrizketa esklusibo batean, Maitek eta Karmelek adierazi dute, harrezkero 40 urte igaro badira ere, barnean "mina" sentitzen dutela eta gizon horrek "nazka" ematen diela.
Maitek kontatu du 1979ko udan zuzendariak errefortzu klaseak eman zizkiola eta orduan hasi zirela sexu-gehiegikeriak: "Ukituak egiten zizkidan. Eskua hartzen zidan, nik bera ukitzeko eta mugimendu hori egiten zidan… Izututa egoten nintzen. Uda hartan haurtzaroa kendu zidan".
Zuzendariak megafonia bidez deitzen ziola gogoratu du, eta haren bulegora joan behar izatea, "hiltegira joatea bezalakoa" zela nabarmendu du.
Hasieran, abusuak ezkutuan ematen ziren, baina gerora beste neska batzuen aurrean egiten zituela erantsi du: "Behin musu bat eman zidan ahoan".
Karmelek 8 urte zituen abusuak pairatzen hasi zenean eta testigantza beretsua eman du: "Ipurditik heltzen zidan eta bere zakilaren kontra eraman. Ukituak egiten zizkidan eta musuak ematen zizkidan zaman, aurpegian… Nik atzera egiten nuen, baina berak berarengana eramaten zidan".
Behin, zuzendariari aurre egin zion eta ihesean joan zen etxera. Gurasoei gertatutakoa kontatu zien eta haiek beste familia batzuekin harremanetan jarri ziren. Bermeotik alde egiten ez bazuen, salatu egingo zutela ohartarazi zioten. Bi urte gehiagoz jarraitu zuen ikastetxean, baina 1982an Bilboko Berriotxoa ikastetxera lekualdatu zuten.
Maite eta Karmele ziur daude haur gehiagoren aurkako sexu-abusuak egin zituela eta posta elektroniko bat sortu dute biktimekin harremanetan jartzeko: JoseDonebiktimak@gmail.com