Gizartea
Iñigo Cabacasen heriotza
Bilboko Udalak Iñigo Cabacasen heriotza deitoratu du
Erredakzioa
Adierazpena talde guztiek onartu dute, Bilduk izan ezik, eta testuak ez du aipatzen gaztea Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jota eragindako zaurien ondorioz hil zela.
-
Lore-sortak, Iñigo Cabacas gomazko pilota batek jota zauritu zuten tokia. EFE
Bilboko eta Basauriko udalek Iñigo Cabacas gaztearen heriotza deitoratu dute eta gertakariaren xehetasun guztiak zorroztasunez argitzeko eskatu dute. Era berean, beren elkartasuna, babesa eta samina adierazi diete Iñigoren familiari eta lagunei.
Bilboko udaletxeko adierazpena talde guztiek (EAJ, PP eta PSE) onartu dute, Bilduk izan ezik. Iñigoren heriotza deitoratzeaz gain, gertakariak nola jazo ziren argitzeko exijitu dute.
Testuan ez da aipatzen Iñigo Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jota eragindako zaurien ondorioz hil zela: "Joan den ostegunean Pozas inguruan izan ziren istiluetan eragindako lesioen ondorioz hil izana deitoratzen dugu", dio adierazpenak.
Horrez gain, Herrizaingo Sailari, Ertzaintzari eta Justizia administrazioari Iñigoren heriotza "zorrotz" argitzeko eta "beharrezkoak diren neurriak" hartzeko eskatzen die Bilboko Udalak. Bilduk ez du adierazpena babestu, "benetan gertatukoa biltzen ez duelako".
Bestalde, Basauriko Udalak (Iñigo bertako bizilaguna zen) ere gertatutakoa "berehala" argitzeko eta "erantzukizunak" zehazteko eskatu du.
Aho batez onartutako adierazpenean, Cabacas sendiari elkartasuna adierazteko dei egiten zaie herritarrie, "betiere lasaitasunez eta antolatu ditzaketen ekimen edo zeremoniatako dolua errespetatuta".