Itxi

Gizartea

Sexu abusuak

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du abusuengatik zigortutako Gazteluetako irakasleak jarritako helegitea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Hala, bukatutzat eman du ikasle bati egindako sexu abusuengatik hasitako jardunbide judiziala. Biktimaren familiak, beraz, kalte-ordaina eskatu ahalko dio ikastetxeari kalte galerengatik.

  • Sexu abusuak egin zituen irakaslea, epaiketan. Argazkia: EFE

    Sexu abusuak egin zituen irakaslea, epaiketan. Argazkia: EFE

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du sexu abusu jarraituengatik zigortutako Gaztelueta ikastetxeko (Leioa) irakasleak jarritako babes helegitea.

Hala, bukatutzat eman du ikasle bati egindako abusuengatik hasitako jardunbide judiziala. Biktimaren familiak, beraz, kalte-ordaina eskatu ahalko dio ikastetxeari kalte galerengatik, biktimaren abokatuak jakitera eman duenez. 

Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion irakasleari frogatutzat eman zuelako, bi ikasturtetan zehar, abusuak egin zizkiola 11-13 urte bitarteko ikasle horri. Ikasketen bilakaera eta umearen jarrera aztertze aldera, bulegora deitzen zuen, eta han sexu abusuak egiten zizkion adingabeari.

Epaiaren arabera, gainera, irakasleak ikastetxean eragindako giroaren ondorioz, umeak bullyinga jasan zuen.

Gorenak, baina, arindu egin zuen auzipetuaren zigorra. Sexu abusu jarraituak egon zirela berretsi bazuen ere, bi urtera jaitsi zion zigorra. Hori horrela, akusatua ez zen kartzelara joan, Gorenak esan baitzuen ezin izan zituztela biktimak kontatutako zenbait atal egiaztatu.

Horren aurrean, 2020ko azaroan, Bizkaiko Auzitegiak epai betearazle bat agindu zuen, eta, horren bidez, irakasleari debekatu egin zion gutxienez lau urtez ikaslearengana gerturatzea, biktima babestu gisa hartu baitzuten.