Gizartea
KORONABIRUSA
Hildako bat eta 351 covid-19 kasu berri, Nafarroan
EITB MEDIA
Birusa atzemateko 1.749 proba egin zituzten atzo. Gaur egun 130 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 17 zainketa intentsiboetako unitatean.
-
Osasun langile bat covid-19a hautemateko proba egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Azken egunetako joerari eutsita, 350 covid-19 kasu inguru atzeman dituzte Nafarroan gaur ere; 351, hain zuzen ere. Bestalde, pertsona bat hil da birusak jota azken 24 orduetan, eta lau lagun ospitaleratu dituzte.
1.749 proba egin ostean jaso dituzte emaitzok. Gaur-gaukoz, beraz, % 20,1ekoa da positibotasun tasa.
Esan bezala, joerak ez du aldaketa nabarmenik izan, atzokoan 335 kutsatze zenbatu baitzituzten, 1.717 test eginda. Positibotasun tasa % 19,5ekoa zen atzo.
Orotara, 130 gaixo daude erietxean; horietatik 17 zainketa intentsiboetako unitatean.
Txertaketari dagokionez, 1.555 dosi jarri zituzten asteazkenean. Txertoa heldu zenetik, bada, 1.379.166 dosi eman dituzte, eta dagoeneko 551.565 dira pauta osoa duten pertsonak.
Ebakuntza kirurgikoak normaltasunera itzultzen ari dira
Ospitaleetako egoerak hobera eginda, pixkanaka ebakuntzak eta kontsultak berreskuratzen ari da Nafarroa.
Izan ere, ospitaleetan geroz eta toki gutxiago dute gordeta covid-19a duten gaixoentzat, Gobernuak ohar batean esan duenez.
Abenduaren 13tik otsailaren 11ra, 1.478 ebakuntza zeuden aurreikusita, baina horietatik 215 atzeratu egin behar izan dituzte, alegia, % 14,5. Hala eta guztiz ere, ebakuntza onkologikoak eta premiazkoak lehenetsi dira uneoro, eta apurka-apurka gainerako ebakuntzak ari dira errekuperatzen.