Itxi

Gizartea

Iñigo Cabacasen heriotza

Athleticeko kirol lagunarteek Iñigo Cabacasi omenaldia egingo diote

A.A.

Aitor Pereira Athleticeko kirol lagunarteen presidenteak azaldu duenez, igandean, 16:30ean, Moyuan hasi eta San Mamesera iritsiko den mobilizazio isila egingo dute.

  • Athleticeko jarraitzaileak, San Mamesen. Argazkia: EFE

    Athleticeko jarraitzaileak, San Mamesen. Argazkia: EFE

Athleticeko kirol lagunarteek Iñigo Cabacasi omenaldia egingo diote igandean, 16:30ean. Autopsiak berretsi egin du Iñigo Cabacas pilotakada batek eragindako zauriengatik hil zela. "Jarraitzaileek egin beharreko zerbait da", azaldu du Iñigo Pereira Athleticeko kirol lagunarteen presidenteak, Radio Euskadin.

Pereirak adierazi duenez, Athleticeko kirol lagunarteek Moyuan hasi eta San Mamesera iritsiko den mobilizazio isila egingo dute igandean, 16:30ean.

Gainera, "bi zatietako lehen 9 minutuetan taldea ez animatzea" eta, partidaren amaieran, txalotzea eskatu diete jarraitzaileei. Horrez gain, San Mamesera joateko Athleticeko arropa ofizial beltza erabiltzea eskatu dute. "Iñigo omendu eta gertakaria ez ahaztea nahi dugu", azaldu du.

Denboraldi ahaztezin bateko gertakari beltza

"Kirol kontuak garrantzitsuak dira, noski, baina garrantzitsuagoa da pertsona baten bizia", esan du Pereirak. "Aurtengo denboraldia Athleticek txapelketa bat irabaziko duelako (ziur nago) gogoratu behar genuen, baina, orain, oroitzapen hau izango dugu", gaineratu du kirol lagunarteen presidenteak.

Pereirak azaldu duenez, ezin dute gertakari bakanak izan direla esan, eta orain "bakoitzak bere ardurari aurre egitea, gogoeta egitea eta errua beti berdinei ez leporatzea" eskatu du.

"Europako txapelketako partidetan ezin dugu gertakari bakanak izan direla esan, denetan gertatu dira eta", esan du. Hala ere, Pereiraren esanetan "zaleek gure akatsak ordaintzen ditugu, eta Ertzaintzak ez".