Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Murrizketa guztiak bertan behera geratu dira Nafarroan

Agentziak | EITB Media

Covid-19ari aurre egiteko murrizketa guztiak gauerdian indargabetu dituzte. Neurri murriztaileak abenduaren 19an ezarri zituzten, besteak beste, ostalaritza 01:00etatik 06:00etara ixteko agindua eta zutik kontsumitzeko debekua.

0:45
Iruñeako taberna bat. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Dagoeneko ez dago murrizketarik Nafarroan. Covid-19ari aurre egiteko meurri murriztaile guztiak gauerdian geratu dira bertan behera, azken asteetan pandemiaren bilakaerak hobera egin ondoren.

Nafarroako Gobernuak iragan astean adostu bezala, Foru Agindu berriarekin ostalaritzak eta gaueko aisialdiak ohiko baldintzak eta ordutegiak berreskuratuko dituzte, eta covid ziurtagiria aurkeztea ez da beharrezkoa izango, atzerrira bidaiatzeko salbu.

Gainera, musukoa ikastetxeetako jolastokietan erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango. Hala ere, barrualdeetan eta ekitaldi jendetsuetan nahitaezkoa izaten jarraituko du.

Orain arte indarrean zeuden neurriak abenduaren 19an ezarri zituzten, besteak beste, ostalaritza 01:00etatik 06:00etara ixtea eta zutik kontsumitzeko debekua.

Gainera, azaroan covid ziurtagiria ezarri zuten agintariek; hasiera batean, ekitaldi jendetsuetan, eta gerora, adineko egoitza, hotel eta gimnasioetara zabaldu zuten. Nafarroako Gobernuak toki horietan ere ziurtagiria nahitaez erakusteko beharra bertan behera uztea erabaki du.

Bestalde, iragan astetik maskara ez da derrigorrezkoa kanpoaldean, nahiz eta erabiltzeko gomendatu jendea pilatuz gero eta segurtasun distantzia gorde ezin bada.

Hala ere, toki publikoetan (itxiak zein irekiak izan) musukoak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du, baita garraio publikoetan eta pertsonak zutunik egon behar diren ekitaldi jendetsuetan ere. Esertzeko aukera baldin badute, 1,5 metroko segurtasun distantzia gordetzea ezinezkoa denean bakarrik izango da derrigorrezkoa.

Kale-edanak debekaturik

Gainera, kalean, parkeetan eta plazetan alkohola kontsumitzeko batzea debekaturik egongo da aurrerantzean, baita terrazetan erretzea ere.