Gizartea
Iñigo Cabacasen heriotza
Barrena: 'Edukiontzi batek bizitza batek baino balio handiagoa dauka'
Erredakzioa
Ezker abertzaleko bozeramaileak uste du Herrizaingo Sailak "gezurra" esango duela Iñigo Cabacasen heriotzaren harira. PPk "erantzukizunak argitzea" eskatu du.
-
Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramailea. EITB
Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak zalantzan jarri du Iñigo Cabacas athleticzalearen heriotza argitzeko Herrizaingo Sailak abiatutako ikerketak fruiturik emango duen, eta deitoratu egin du Euskadin "balio handiagoa" duela "edukiontzi batek pertsona baten bizitzak baino".
Barrena prentsaurrekoan agertu da Maite Aristegi Amaiurreko diputatuarekin batera. Agerraldi horretan, buruzagi abertzaleak kritikatu du "munduko beste edozein lekutan" Herrizaingo buruak "duela hainbat ordutik" aurkeztua izango zuela dimisioa.
Bere esanetan, ezker abertzalea ziur dago Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "gezurra" esango duela.
"Denek badakite nola amaitzen diren poliziaren abusuen harira abiatutako ikerketak. Nahiz eta zigortu, egileak indultatu egingo dituzte, edota domina eman ere", adierazi du.
Barrenak Bilbon gertatutakoa Auzitegi Nazionalaren azken erabakiarekin alderatu du. Izan ere, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari hiru tarta bota zizkioten gazteak auzipetu egingo du, eta baliteke 10 urte arteko espetxe zigorrak jasotzea.
PPk erantzukizuna argitzea eskatu du
Bestalde, Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzulea Ertzaintza den edo beste arrazoi batzuengatik hil ote zen argitzea eskatu du Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Damboreneak elkartasuna adierazi die Iñigo Cabacasen senideei eta orain ikerketak aurrera egin eta dena argitu arte itxaron behar dela iritzi dio.
Athleticeko jarraitzaile gaztearen heriotza deitoratu ostean, Damboreneak esan du Herrizaingo Sailetik jakinarazi diotenez, oraingoz ez dakite Iñigo Cabacas "botila batekin, harrikada batez edo gomazko pilota batekin jota hil zen ala ez". Beraz, "ikerketaren ondorioak ezagutzeko itxaron egin beharko dugu", erantsi du.