Gizartea
Sexu-gehiegikeriak
Iruñeko Artzapezpikutzarentzat "baliagarria" da Nafarroako Elizako sexu-abusuen txostena
agentziak | eitb media
Azpimarratu du bere nahia dela "salaketak aurkeztea", baina arreta biktimetan jarriz: "Berdin da nork egin duen erasoa".
-
Eliza. Argazkia: EiTB
Iruñeko Artzapezpikuarentzat "baliagarria" da Nafarroako Eliza Katolikoan egin diren sexu-abusuen inguruan argitaratu den azken txostena arazo sozial hori amaitzeko.
Gobernuaren aginduz Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin duen txostenean 52 biktima eta 31 ustezko erasotzaile identifikatu dituzte Foru Erkidegoko Eliza katolikoan.
Artzapezpikutzatik Efe albiste-agentziari adierazi diotenez, "baliagarria iruditzen zaigu gizarteko abusuen izurria amaitzeko egiten den guztia, gizartearen bizitzarentzat horren kaltegarria den gai bat argitzen laguntzen duen guztia".
"Iraganari begiratzea garrantzitsua bada ere, baliagarria, beharrezkoa, garrantzitsua eta premiazkoa da orainaldiari begiratzea", azpimarratu du Artzapezpikutzak, Nafarroako Gobernuak txostena ez diola helarazi zehaztu aurretik.
Artzapezpikutzaren nahia omen da "biktimek salaketak jartzea"; eta horregatik dago "Nafarroako Elizaren barruan Adingabeen Babeserako eta Abusuen Prebentziorako Bulegoa", bertan "gehiegikeriak jasan dituztenek babesa lortzeko eta salaketa jartzeko".
Artzapezpikutzak espero du txostenean agertzea "Elizaren papera zein izan zen hezkuntzan 1940tik 1980ra, zenbat herritarrek ikasi zuten Nafarroan Elizaren eskoletan, zenbat apaizek egin zuten lan Nafarroan denbora tarte horretan, horrela Elizan eta gizartean dagoen arazoaren jabe izateko".
Iruñeko Artzapezpikutzaren arabera, Elizan "ikerketen alde gaude, eta gure ikerketa propioa jarri dugu abian. Guk salaketak aurkeztea nahi dugu, biktima guztiak artatzen ditugu, zeren guretzat sexu-abusu baten ikuspuntua ez da erasotzailea, baizik eta biktima, berdin da nork egin duen erasoa".