Gizartea
Koronabirusa
Txerto ziurtagiria eskatzen duten barnealdeetan ez da musukorik beharko Ipar Euskal Herrian
Agentziak | EITB Media
Garraio publikoa izango da salbuespen bakarra. Gainera, positibo baten kontaktu estuek egin beharreko probak batera murriztea (hiru ziren orain arte) ebatzi du Osasun Ministerioak. Otsailaren 28an sartuko dira indarrean neurriok.
-
Tabernetan sartzeko, ez da beharrezkoa izango musukoa, bai ordea, covid ziurtagiria.
Otsailaren 28tik aurrera, txerto ziurtagiria eskatzen duten barnealdeko tokietan ez da musukorik beharko Ipar Euskal Herrian. Garraiobide publikoak izango dira salbuespen bakarra. "Osasun egoerak hobera" egin duela argudiatuta, hala erabaki du gaur Frantziako Gobernuak.
Horrez gain, positibo baten kontaktu estuek egin beharreko proba kopurua ere murriztuko du Osasun Ministerioak. Data horretatik aurrera, proba bakarra egin beharko dute, harremana izan eta bi egunera —orain hiru dira: kontaktua izan eta bi egunera, lau egunera, eta zortzi egunera—. Koarentenen iraupena ez dute aldatuko.
Halaber, eskoletako protokoloa ere arinduko du Hezkuntza Ministerioak. Hartara, maskara ez da derrigorrezkoa izango jolastokietan, ezta barrualdeetan ariketa fisikoa egiteko. Haurren kasuan ere, kontatu estua izateagatik egin beharreko probak bakarrera murriztuko dituzte.
Omikron aldaeraren eraginez, kutsatzeak nabarmen igo dira azken asteetan Frantziako Estatuan. Osasun arduradunek emandako datuen arabera, ostegun honetan 153.000 kasu berri zenbatu dituzte. Pandemia hasi zenetik, 20,8 milioi positibo eta 131.000 heriotza eragin ditu covid-19ak.