Gizartea
Koronabirusa
Musukorik gabe ibil gaitezke kalean
EITB MEDIA
Maskara kalean erabiltzeko agindua bertan behera uzten duen dekretua gauerdi honetan sartu da indarrean.
Dagoeneko ez da musukorik erabili behar kalean. Espainiako Gobernuaren dekretu berria 00:00etan sartu da indarrean. Alabaina, badago salbuespen bat: ekitaldi jendetsuetan derrigorrezkoa izango da, jendea zutik badago edo, eserita egon arren, 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzen ez bada.
Halaber, ikastetxeetako jolastokietan haurrak musukorik gabe ibili ahalko dira, betiere segurtasun-tartea mantendu ahal bada eta pilaketarik ez badago.
Alabaina, neurri hori oraingoz ez dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aplikatuko; izan ere, ikastetxeetako covid-19aren aurkako protokoloa eguneratzea Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailei dagokie eta ostegun honetan bilduko dira aukera hori aztertzeko.
Bestalde, musukoaren erabilerak nahitaezkoa izaten jarraitzen du garraio publikoan eta erabilera publikoko eremu itxi guztietan.