Itxi

Gizartea

Bigarren epaiketa

Gipuzkoako ustezko serie-bortxatzaileak 11 urteko espetxe-zigorrari egin beharko dio aurre bigarren epaiketan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gaurtik asteazkenera egingo dute haren aurkako bigarren epaiketa. Kasu honetan, 2015eko urtarrilaren 1ean Lasarte-Orian izandako bortxaketa baten egilea delakoan epaituko dute.

  • Beasaingo bortxaketagatik egindako epaiketa

    Beasaingo bortxaketagatik egindako epaiketa

Gipuzkoako ustezko serie-bortxatzaileak bigarren epaiketa izango du gaurtik aurrera. Kasu honetan, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) izandako bortxaketa baten egilea delakoan epaituko dute, eta 11 urteko kartzela-zigorrari egin beharko dio aurre.

Akusazio partikularrak, bestalde, 12 urteko zigorra eskatu du gaur egun 37 urte dituen gizon horrentzat.

Urtarrilean eseri zen estreinakoz akusatuen aulkian. Orduan, 2019ko uztailean Beasainen 19 urteko neska bat bortxatzeagatik epaitu zuten, eta erruduntzat jo zuen bere burua.

Esan bezala, gaurtik asteazkenera egingo dituzte bigarren epaiketako saioak, 2015eko urtarrilaren 1ean Lasarte-Orian izandako bortxaketa baten egilea izatea egotzita.

Fiskaltzaren behin-behineko akusazio-idatziaren arabera, egun hartan Gipuzkoako aipatu udalerrian egon zen akusatua. Hain zuzen ere, "bere nahi lizunak asetzeko eta sexu-askatasunaren aurka egiteko" joan omen zen bertara. "Osagai anestesikoak zituen zapi batez baliaturik" bortxatu ei zuen emakumea.

Beasaingo eta Lasarte-Oriako bortxaketengatik ez ezik, hirugarren kasu batengatik ere epaituko dute aurki auzipetua (oraindik ez dute epaiketa horren data zehaztu). Hirugarren bortxaketa horrez gain, sexu-eraso saiakera batzuk egotzita ere epaituko dute, Anoetan, Andoainen eta Tolosan egin omen zituenak. Orotara, 28 urteko espetxe-zigorra eskatu du Fiskaltzak; 29 urtekoa, berriz, herri-akusazioak.

Amaitzeko, beste kasu bat ere leporatu diote, baina instrukzio fasean dago oraindik.