Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroak covid-19aren aurkako murrizketa guztiak kenduko ditu

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Otsailaren 14tik aurrera geratuko dira bertan behera neurri murriztaileak. Ikastetxeetako jolastokietan musukoa ez da beharrezkoa izango, eta ohiko ordutegiak itzuliko dira gaueko aisialdira.

  • Nafarroak covid-19aren aurkako murrizketa guztiak kenduko ditu

    Nafarroak covid-19aren aurkako murrizketa guztiak kenduko ditu

Nafarroako Gobernuak covid-19aren aurka indarrean dituen neurri murriztaile guztiak bertan behera utziko ditu datorren astelehenetik, hilaren 14tik, aurrera, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak asteazken honetan iragarri duenez. Besteak beste, maskara ez da derrigorrezkoa izango ikastetxeetako jolastokietan, eta ostalaritza eta gaueko aisialdia ohiko ordutegira itzuliko da.

"Beste une epidemiologiko batean gaude", esan du. Hala ere, gogorarazi du garrantzitsua dela oinarrizko arauak betetzen jarraitzea, hala nola barnealdean musukoaren erabilera edo aireztapena.

Murrizketak otsailaren 14ra arte egongo dira indarrean, astelehenera arte, hain justu. Une horretatik aurrera, foru-aginduaren baitan zeuden neurri guztiak ezabatuko dira:

- Maskara ez da derrigorrezkoa izango ikastetxeetako jolastokietan, eta burbuila taldeen bereizketa bertan behera geratuko da patioetan.

- Ez da covid ziurtagiria eskatuko inora sartzeko (solik herrialde batetik bestera mugitzeko).

- Ostalaritzak eta gaueko aisialdiak ohiko ordutegiak berreskuratuko dituzte.

- Taberna eta jatetxeetan, zutik kontsumitu ahalko da, eta mahai baten bueltan esertzeko ez da pertsona mugarik egongo. Gainera, ez da edukiera mugarik izango.

Erietxeetako presioa nabarmen arindu da, eta, ondorioz, Gobernuak ez ditu murrizketak otsailaren 14tik aurrera luzatuko. Asteazkenean kaleratutako datuen arabera, 500 positibo baino gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan azken 24 orduotan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.