Gizartea
Istiluak Ertzaintzarekin
Bilboko istiluetan zauritutako gazteak oso larri jarraitzen du
Erredakzioa
Ospitalean dago "lasaigarrien eraginpean eta aireztatze mekanikoarekin". Biktimak "garezurra hautsita dauka, leherketaren eraginez, eta lesioak garunean".
Bart Ertzaintzaren gomazko pilotakada batek jota zauritutako gaztea oso larri dago Basurtuko Ospitalean, Osakidetzak aditzera emandakoaren arabera. Pilotakada San Mameseko partida bukatu ondoren izandako istiluetan gertatu zen.
Pazientea 28 urteko gizonezkoa da, eta lasaigarrien eraginpean eta aireztatze mekanikoarekin" dago, "garezurra hautsita dauka, leherketaren eraginez, eta lesioak garunean".
Gaztea Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan zauritu zuten, Athleticek eta Schalke 04k San Mamesen jokatutako partidaren ostean.
Herrizaingo Sailaren arabera, agenteak kale hortara joan ziren borroka bat zegoela esaten zuen abisua jasota.
Ertzaintzaren furgonetak zenbait objektu jaurtiz hartu zituen gazteen talde batek. Orduan, agenteek karga egin zuten eta 16 eta 22 urteko bi pertsona atxilotu zituzten.
Hirugarren atxilotua
Aurretik, hirugarren pertsona bat ere atxilotu dute San Mameseko partida bukatu eta berehala; 41 urteko gizonezkoa. Zehatz-mehatz, 23:00ean harrapatu zuten futbol zelaiaren inguruan. Atxilotuak Polizia-lerroa urratu zuen eta agente bati eraso egiten saiatu zen.
Ikerketa bat, abian
Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du bart Bilbon Ertzaintzarekin izandako istiluetan zauri larriak jasan zituen 28 urteko gaztearen kasua argitzeko. Herrizaingo Sailaren arabera, pilotakadaren hipotesia "ez dago argi" eta baliteke beste arrazoiengatik zauritu izana.