Gizartea
Bart
Hiru atxilotu Bilbon, Ertzaintzari eraso egiteagatik
Erredakzioa
Lehenengo atxilotuak San Mameseko polizia-kontrola hautsi eta agente bati eraso egiten saiatu zen. Beste biek, botilak jaurti zizkioten patruila bati. Atxilotuak libre daude, epailearen deiaren zain.
-
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu guztira Bilbon. Argazkia: EITB
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu guztira bart gauean Bilbon, Athleticek eta Schalke 04 taldeek San Mamesen jokatutako partidaren ostean, Herrizaingo Sailak aditzera emandakoaren arabera.
Lehen atxilotua, 41 urteko gizonezkoa, 23:00ean harrapatu zuten San Mamesen inguruan. Atxilotuak Polizia-lerroa urratu zuen eta agente bati eraso egiten saiatu zen.
Beste bi atxilotuak 16 eta 22 urte dauzkate. Biak gauerdia jotzear zegoela atxilotu zituzten Maria Diaz de Haro kalean, Ertzaintzaren bi furgonetaren kontra botilak jaurtitzea leporatuta.
Herrizaingo Sailak azaldu duenez, agenteak bertara joan ziren leku horretan borroka bat izaten ari zela esaten zuen abisua jasota.
Ertzaintzaren ibilgailuak objektuak jaurtiz hartu zituen gazteen talde batek. Ondorioz, agenteek karga egin zuten eta bi gazte atxilotu zituzten.
Pilotakada batek zaurituta
Pertsona bat Basurtuko Hospitalera eraman behar izan zuten Ertzaintzaren gomazko pilota batek eragindako zauriak sendatzeko.
Hiru atxilotuak aske utzi dituzte eta epailearen deiaren zain daude.