Gizartea
Ekimen bitxia
Arciniega abizena duten pertsonen bila ari dira, Arabako udalerriaren 750. urtemugaren harira
Agentziak | EITB Media
Artziniegako Udalak abizen hori duten "ahalik eta jende gehien" bildu nahi du uztailaren 9an egingo duten ekitaldi batean. Espainiako Estatuan 750 lagun baino gehiagok dute, eta Latinoamerikan dozenaka omen dira.
-
Artziniega. Argazkia: Jose Luis Cebolla Arrizabalaga
Artziniegako Udalak (Araba) Arciniega abizena duten pertsonen bila ari da, Arabako udalerriaren 750. urtemugaren harira antolatu duen bilkura baterako. Udalaren arabera, Espainiako Estatuan ez ezik, Latinoamerikan ere badaude Arciniegatarrak.
1.800 bizilagun dituen Aiaraldealdeko udalerria 1272. urtean fundatu zuen Alfonso X.ak "Jakintsuak", eta hala, aurten 750 urte beteko dira sortu zenetik.
Urtemuga aitzakia hartuta, ekitaldi andana antolatu du Udalak, tartean, uztailaren 9an egingo duten "Arciniega abizenaren bilkura" delakoa. "Asmoa da munduko txoko guztietatik abizen hori duten ahalik eta pertsona gehien biltzea, azaldu du Joseba Vivanco Artziniegako alkateak.
Espainiako Estatistika Institutuaren 2020ko erroldaren arabera, Espainiako Estatuan Arciniega lehen abizena duten 362 pertsona daude, eta 396 lagunek dute bigarren abizen gisa. Dena dela, Latinoamerikan ere oso zabalduta dago, eta halako abizedunak topatu dituzte Ekuadorren, Kolonbian, Perun, Dominikar Errepublikan eta batez ere, Mexikon.
Hala, Hego Ameriketako hainbat pertsonaia historikok zuten abizen hori: Claudio de Arciniega arkitekto mexikarra (1526-1592), Jose Miguel de Arciniega exploratzaile kolonbiarra (1793-1849); German Arciniegas Peruko kazetari eta diplomazialaria (1900-1999), edota Rosa Arciniega idazlea (1903-1999).
Egun, gutxienez bi aktore ezagunek dute abizen hori Latinoamerikan: Elizabeth Arciniega Mexikoko aktore eta zuzendaria eta Max Arciniega estatubatuarra (besteak beste, "Breaking Bad" telesailean aritutakoa).
Facebook sare sozialean "Arciniega" izeneko talde bat dago, eta abizen hori duten 1.500 bat pertsona daude bilduta. Artziniegako Udalak eman die bilkuraren berri, eta batzuek informazioa eskatu dute eta beste zenbaitzuk Arabara etortzeko asmoa iragarri dute.