Gizartea
ERASOA
Mutil bat ikertzen ari dira Burlatan, bikote ohia jotzen ikusi eta tartean sartu zen irakaslea zauritzeagatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Burlatako IES Ibaialdeko zuzendaria da zauritua. Foruzaingoak adierazi du adin txikiko erasotzailea atxilotzeko asmoa dutela.
-
Burlatako Ibaialde zentroa. Webgunetik ateratako argazkia.
Nafarroako Foruzaingoak ikerketa ireki du Burlatako IES Ibaialde ikastetxeko zuzendariak salatu duen adin txikiko baten kontra, hark emakumeari eraso egin eta gero. Antza denez, zentro bereko ikaslea den bikotekide ohia jotzen ikusi eta tartean sartu zen irakaslea eta hari ere eraso egin zion mutilak.
Foruzaingoak baieztatu du adin txikikoa identifikatuta dagoela eta atxilotzea aurreikusten dutela.
Ikastetxeko zuzendaria zauritzeagatik lesio delitua egotziko diote, printzipioz. Ospitalera eraman behar izan zuten emakumea eta ebakuntza bat egin beharko diote.
Gainera, bikotekide ohiaren kontrako tratu txarren delitua ere egotzi diezaiokete, neskak erasoa salatu ez badu ere, irakasleak eraso hori saihesteko eskuhartu baitzuen.