Gizartea
KORONABIRUSA
Abendu aurreko datu epidemiologikoetara itzuli da Nafarroa, 395 positibo atzemanda azken egunean
EITB MEDIA
Atzo egindako proben % 34,5 positiboak izan ziren. Gainera, 3 pertsona hil ziren covid-19aren ondorioz, eta 11 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bat ZIUn.
-
Jendea paseoan Estafeta kalean, Iruñean. Argazkia: EFE
Nafarroako Foru Erkidegoan beherakada handia izan da covid-19 kasu berrietan. Atzo, larunbata, 395 positibo izan ziren, aurreko eguneko 738ak baino askoz ere gutxiago, baina 3 pertsona hil ziren.
Kasuen beherakadak seigarren olatuaren beheranzko joera berresten du, baina kontuan izan behar da, neurri handi batean, asteburuetan proba diagnostiko gutxiago egiten direla, osasun-zentroak itxita daudelako. Atzo 1.145 proba egin ziren, ostiraleko 2.334en eta osteguneko 2.408en aldean. Proba guztien % 34,5ek positibo eman zuten. Dena den, larunbat honetako datuak ez du zerikusirik aurreko larunbatetakoekin. Azaroko azken egunetara arte egin behar da atzera antzeko zifra bat aurkitzeko.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, gainera, atzo 201 covid gaixo zeuden ospitaleratuta (203 ostiralean), horietatik 28 ZIUn (aurreko egunean adina), eta 11 ospitaleratze berri izan ziren, horietako bat zainketa intentsiboetan.
395 kasu berri horietatik 110 Iruñean atzeman zituzten, 13na Arrotxapea eta Txantrea auzoetan, 12na II. Zabalgunean eta San Joanen, eta 10 Ermitagañan.
Nafarroako gainerako guneetan, kutsatze kopuruagatik nabarmentzen dira Barañaingo 14ak, Tuterako 11k eta Noaingo 10ak.