Itxi

Gizartea

GASTEIZ

San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko biktimen oroimenerako gune izendatzeko laguntza eskatu diote Aita Santuari

agentziak | eitb media

Memoria Gara elkarteak 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa kontatu dio Frantzisko aita santuari, eta Gasteizko San Frantzisko eliza biktimak oroitzeko zentro bihurtzeko eskatu du.

  • Gasteizko San Frantzisko eliza. Artxiboko argazkia: EITB Media

    Gasteizko San Frantzisko eliza. Artxiboko argazkia: EITB Media

Memoria Gara elkarteak gutuna idatzi dio Frantzisko aita santuari, Gasteizko Gotzaindegiarekin bitarteko lana egin dezan eskatzeko, hiriko San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko Biktimen Memoriarako Zentro bilakatu dadin.

Gutunean, elkarteak Aita Santuari kontatu dizkio 1976ko martxoaren 3an gertatutakoak, poliziak langileen asanblada batean parte hartzen ari ziren bost langile tiroz hil zituenean.

Gogorarazi dute urteak direla Arabako hiriburuko Zaramaga auzoan dagoen elizan mezarik ospatzen ez dutela, eta Gabonaldian bakarrik irekitzen dutela, jaiotzen erakusketa egiten dutenean.

Elkarteak aita santuari azaldu dio badela proiektu bat konponketa asko behar dituen espazio hori biktimen oroimenerako memorial bihurtzeko, eta ekimena Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak babesten dutela.

Memoria Garatik adierazi dute harremanetan egon direla Gasteizko Gotzaindegiarekin eta Juan Carlos Elizalde bertako apezpikuarekin. Proiektuarekin ados dagoela esan du horrek baina, elkartearen arabera, "Elizbarrutitik ez diote utzi prozesua luzatzeari eta askotariko oztopoak jartzeari".

Adibide gisa aipatu dute jakintza-alor anitzeko adituek, proposamen teknikoak egiteko, eliza barrutik aztertzeari ezetza eman ziotela.

Hori dela eta, Frantzisko aita santuaren Gotzaindegiaren aurreko esku-hartzea eskatu dute, "auzora, hirira eta mundura zabaldutako oroimenezko proiektu bat" aurrera atera ahal izateko. "Biktimek eta Gasteizko biztanleria osoak urtetan zehar espero izan duen proiektua da".