Gizartea
KORONABIRUSA
Neurriak arindu dituzte Ipar Euskal Herrian, eta maskara ez da erabili beharko kalean
EITB MEDIA
Halaber, asteazken honetatik aurrera, gutxienez hiru egun astean telelana ez da derrigorrezkoa izango, orain arte bezala, eta ez da edukiera mugarik izango ikuskizun eta kirol ekitaldietan.
-
Jendea maskara jantzita kalean. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
Koronabirusari aurre egiteko neurri murriztaile gehienak bertan behera utziko dituzte Ipar Euskal Herrian otsailean zehar. Gaurtik aurrera, gutxienez hiru egun astean telelana egitea ez da derrigorrezkoa izango, orain arte bezala, nahiz eta Frantziako Gobernuak ahal denean telelanean jarraitzeko eskatu duen; ezta kalean maskara janztea ere. Hala ere, kalean musukoa janztea eskatu du pertsonen artean 1,5 metroko tartea errespetatu ezin denean. Horrez gain, ez da edukiera mugarik izango ikuskizun eta kirol ekitaldietan. Orain arte, 2.000 lagun elkar zitezkeen gehienez areto itxietan eta 5.000, ostera, estadioetan.
Barrualdean maskara erabiltzen jarraitu beharko da eta toki askotan sartzeko txertaketa ziurtagiria, ez covid ziurtagiria, beharko da.
Itxura guztien arabera, otsailaren 16tik aurrera murrizketa gehiago arindu ahalko direla esan du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, baina beti ere pandemiaren bilakaeraren kontuan hartuta erabakiko dutela.
Jean Castex Frantziako lehen ministroak urtarrilaren 20an iragarritako egutegiaren arabera, otsailaren 16tik aurrera, tabernetan zutik kontsumitu ahalko da. Gainera, abendutik itxita dauden diskotekek ateak berriz zabalduko dituzte eta ikusleek zutik egon ahalko dute kontzertuetan.
Neguko oporraldiaren ostean, otsailaren amaieran, Lehen Hezkuntzan maskara erabiltzeko derrigortasuna desagertzea aztertuko dute, baita autotest politika polemikoa ere.