Itxi

Gizartea

Covid ziurtagiria

Eusko Jaurlaritzak ez du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontrako helegiterik jarriko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

EAJ-PSE gobernuak ez du "judizializazio etengaberik" nahi koronabirusari aurre egiteko neurrien inguruan, baina "zentzugabetzat" jo du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia. Ebazpena errespetatzen duela baina ez duela inolaz ere horrekin bat egiten gaineratu du.

  • Langile bat bezero baten covid ziurtagiria egiaztatzen

    Langile bat bezero baten covid ziurtagiria egiaztatzen

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak covid ziurtagiriaren inguruan kaleratutako ebazpenaren aurkako helegiterik ez duela jarriko iragarri du Eusko Jaurlaritzak.

Ohar baten bidez azaldu duenez, EAJ-PSE gobernuak ez duela "judizializazio etengaberik" nahi koronabirusari aurre egiteko neurrien inguruan.

Hala ere, EAEko Exekutiboak "zentzugabetzat" jo du EAEko Auzitegi Nagusiak "covid ziurtagiriaren erabilera zabaltzeari uko egitea, baina 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian onartzea".

Aurretik zabaldutako ohar baten arabera, Jaurlaritzak errespetatu egiten du ebazpena, baina ez du inolaz ere horrekin bat egiten. Izan ere, ez du zentzuzkoa ikusten ostalaritzan, gimnasioetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan eta kartzeletan ziurtagiriaren erabilera baztertzea, Jaurlaritzak horren eraginkortasuna behar bezala ez frogatzeagatik. Ondorioz, ziurtagiriaren erabilera hoteletara, ostatu turistikoetara eta joko-aretoetara zabaltzea ere ukatu du, Jaurlaritzaren eskaria atzera botata.

Urkulluren gobernuaren ustez, egungo egoera epidemiologikoa ikusita, beharrezkoa da LABIren Aholku Batzordeak, LABI teknikoaren aholkuak kontuan hartuta, adostutako neurriei eustea.