Gizartea
Isunak
Zer egin alarma-egoeran ezarritako isunak itzultzeko?
EITB MEDIA
Formulario digital sinple bat jaitsi, bete eta bidali ondoren jasoko dute herritarrek dirua.
-
Astearte honetatik aurrera itzuliko ditu Jaurlaritzak alarma egoeran ezarritako isunak
Alarma-egoerak indarrean zeudenean Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarrei ezarritako isunen dirua formulario sinple baten bidez itzuliko dute. Formulario hori formatu digitalean jaitsi, bete eta bidali beharko dute herritarrek. Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunean eta Zuzenean herritarrak artatzeko zerbitzuaren bulegoetan aurkituko dute. Posta bidez bidaltzeko aukera ere izango dute.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak iragarri zuen lehen eta bigarren alarma-egoerak indarrean zeudenean Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarrei ezarritako isunen dirua itzuli behar zutela. 8.392 isun jarri zituzten.
Guztira, 2,5 milioi euro itzuli beharko dizkie Jaurlaritzak herritarrei.
2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era egon zen ezarrita alarma-egoera Espainiako Estatuan. Epe horretan, 22.957 isun jarri zituzten EAEn udaltzainek eta Ertzaintzako agenteek, neurri murriztaileak urratzeagatik.
Urtebete geroago, 2021eko uztailaren 14an, alarma-egoera legez kanpokoa izan zela ebatzi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Epaileen arabera, salbuespen-egoerak bakarrik ahalbidetu dezake konfinamendua, eta ez alarma-egoerak.
Zein isun itzuliko ditu Jaurlaritzak?
Agintariek ezarritako arauak ez betetzeagatik, 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era eta 2020ko urriaren 25etik 2021eko maiatzaren 9ra, Ertzaintzak eta udaltzaingoek ezarritako isunak, Bilboko, Gasteizko eta Barakaldoko udaltzainek ezarritakoak salbu.
Osasun-agintariek ezarritako isunak ere itzuliko dira?
Ez.
Eskaera edo tramite bereziren bat egin behar dut dirua itzul diezadaten?
Ez dago eskaerarik egin beharrik. Etxean gutun bat jasoko dute arauren bat bete ez zutenek. Datu pertsonalak eta banketxeko datuak jarri beharko dituzte bertan. Horixe da eman beharreko pauso bakarra, dirua bueltan jasotzeko. NAN zenbakia eta kontu korronteko zenbakia emanda nahikoa da.
Paperean zein Internet bidez egin dezaket?
Bai, bi aukerak dira posible. Internet bidez eginez gero, helbide honetan dago informazioa: https://www.euskadi.eus/zehapena_isuna/herritarren-segurtasuna/web01-tramite/eu.
Nortzuk izango dira dirua jasotzen lehenak?
Lehenik eta behin, lehen alarma-egoeran isunen bat jaso zutenei bidaliko diete gutuna. Banketxeko datuak jasotzen dituzten heinean, dirua itzultzen hasiko dira.