Itxi

Gizartea

Euskara

Kontseiluak "onartezintzat" jo du Nafarroako Gobernuak aurkeztutako euskararen dekretuaren zirriborroa

EITB MEDIA

"2017a baino lehen zegoen araudiarekin erkatuz, atzerapausoa dakar. Ulertezina da garai ilunetako hizkuntza politiketan hartutako neurriak ez baliogabetzeaz gain, are gehiago murriztea. Lehen gutxi, orain gutxiago" esan du Paul Bilbaok. 

1:42
Iruñeko agerraldia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Urtarrilaren 28an aurkeztu zien Nafarroako Gobernuak sindikatuei administrazio publikoetako lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen dekretuaren zirriborroa. Dekretu berri horretan jasoko dute euskara eta gainerako hizkuntzen balorazioa. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak zirriborro horren premiazko balorazioa egin dute hedabideen aurrean.

Hala, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hitz bakar batekin definitu du Nafarroako Gobernuak aurkeztutako proposamena: "Onartezina". Izan ere, Gobernuak berak aurreratu zuen bezala, legeak ezarritako eremu ez-euskaldunetan euskararen ezagutzak ez du inolako baliorik izango; alemanaren, frantsesaren eta ingelesaren ezagutzak, berriz, bai.

Horrekin batera, legeak ezarritako eremu mistoan euskararen ezagutza kontuan hartuko da lanpostu batzuetan, baina merezimendu gisa. "Nola izan daiteke Nafarroan berezko edo ofizialak ez diren hizkuntzei aitortza handiagoa egitea? Nazioarteko itunen kontra doa", esan du Bilbaok.

Are gehiago, Kontseiluko eledunak gogor salatu du dekretua horren berandu argitaratu izana: "2019tik ari ziren esaten dekretua prest zutela, eta azkenean, 2022ko apirilean edo maiatzean onartuko da. Ohartzen al gara ehunka lanposturen deialdiak izan direla bidean, eta Nafarroako berezko hizkuntzaren ezagutzak ez duela tokirik izan? Adarra jo digutela esan behar dugu", erantsi du.

Bestalde, agerian utzi nahi izan du aurkeztutako zirriborroak atzerapausoa dakarrela, 2017a baino lehen zegoen araudiarekin erkatuta: "Ulertezina da garai ilunetako hizkuntza politiketan hartutako neurriak ez baliogabetzeaz gain, are murritzagoak izatea. Lehen gutxi, orain gutxiago", salatu du. 

Alderdiei deia

Bilbaoren arabera, oraindik garaiz gaude dekretua zuzentzeko. "Alderdi guztiei erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diegu: Gobernuan daudenei eta Gobernua sostengatzen dutenei. Marra gorri hau pasatzen utziz gero, duela hogei urte abian jarritako hizkuntza politika ilunen muina berretsiko da. Ez dugu uste hizkuntza-politikaren eremuan dituzten desadostasunak aitzakia gisa erabil daitekeenik dekretua dagoen-dagoenean onartzeko", adierazi du Bilbaok.