Gizartea
KORONABIRUSA
75 pertsona hil dira covidagatik, aurreko astean baino 19 gutxiago
Naiara Ballesteros | EITB Media
Ospitaleetako presioa 92 pertsonara jaitsi da ZIUetan. Positibo berrien joera ere beherantz doa, baina "poliki eta motel". Aldiz, gela arruntetan ospitaleratutako pertsonak 624ra igo dira, eta R0a 0,98raino heldu da.
-
Jendea Bilbon. Argazkia: EFE
75 pertsona hil dira covid-19ak jota Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtarrilaren 24tik 30era bitarteko astean, aurreko bi asteetan izandako 94 eta 101 heriotzak baino gutxiago, baina urtarrileko lehen bi asteetan hildako 35 eta 50 pertsonak baino gehiago.
Zainketa intentsiboetako presioak behera egin du berriro, jaitsiera txikia izan bada ere: 92 gaixo daude ZIUetan. Gela arruntetan, berriz, ospitaleratzeak 587tik 624ra igaro dira, Osasun Sailaren datuen arabera. Ondorioz, covid-19a duten gaixoen beherakada motela izan dela esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak
Astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Sagarduik gogora ekarri du duela bi aste, urtarrilaren 17an, Osakidetzak covid-19a zuten 780 pertsona zituela gela arruntetan eta 143 ZIUetan; hau da, "200 pertsona inguru gutxiago gela arruntetan eta 40 pasatxo gutxiago ZIUetan".
Lehen Mailako Arretako zentroetara egindako deien kopuruak ere behera egin duela esan du, aurreko astekoekin alderatuta. Hala ere, "asistentzia arloko presioak tentsionatuta jarraitzen du", eta Osakidetzak bere kontingentzia-planaren hirugarren egoerari eusten dio.
Positibo berrien ibilbideak ere beheranzko joerari eutsi dio, baina "poliki eta motel", Sagarduiren arabera. Igandean, 7.117 proba diagnostiko egin eta 2.757 positibo atzeman dituzte; positibotasuna, beraz, % 37,8koa da.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuari dagokionez, 3.134,23 kasukoa da. 7 eguneko intzidentzia, berriz, 1.551,11 kasukoa da. Ostiraleko buletin epidemiologikoaren datuen arabera, 14 eguneko intzidentzia 417 puntu jaitsi da, eta 7 egunekoa 21,19. Intzidentzia metaturik baxuena Bizkaiak dauka, 2.915,90 kasurekin. Ondoren Araba (3.183,74) eta Gipuzkoa (3.372,99) daude.
Sagarduiren arabera, datu epidemiologikoek berresten dute, oraindik ere, "14 eguneko intzidentzia metatuaren beherakadak bere horretan jarraitzen duela, baina 7 egunerako intzidentziak erakusten du beherakadak moteltzen jarraitzen duela".
R0a 0,98ra igo da asteburu honetan, eta oraingoz hor dago, 1etik gertu. Lurraldez lurralde aztertuta, birusaren birsorkuntza-indizea 0,97ra igo da Araban, behera egin du Bizkaian (0,96) eta ia 1ekoa da Gipuzkoan (0,99).
Era berean, pandemiaren bilakaeraren moderazioa nabarmentzen da, "joan den astean etengabea izan baitzen". Hori dela eta, sailburuak berriro azpimarratu du beharrezkoa dela "koronabirusaren aurkako zuhurtziari eta prebentzio handienari eustea".