Gizartea
sexu abusuak
Elizan izandako sexu-abusuak batzorde independente batek ikertzeko eskatu du EAJk
agentziak | eitb media
Alderdi jeltzaleak Eliza katolikoak azaldutako jarrera gaitzetsi du, "salbuespenak salbuespen" barne-ikerketa bat abiatzeari uko egin baitio.
-
Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuan EAJren bozeramailea. Artxiboko argazkia: EITB Media
EAJk ostiral honetan iragarri duenez, ekimen bat abiatuko dute Kongresuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko aditu independenteen batzorde batek ikertu ditzala Eliza katolikoaren barruan izandako sexu-abusuak, gertatutakoaren "larritasunaren" aurrean eta instituzioaren "gelditasuna" dela eta.
Alderdi jeltzaletik euren asmoa aurreratu dute Unidas Podemos, EH Bildu eta ERC taldeek Behe Ganberan ikerketa batzorde baten sorrera eskatu ondoren.
Adierazpen batean, EAJk Gorteen aurrean txostena aurkeztuko duen batzorde independente baten alde egin du.
"Hau da Eliza katolikoan pederastiaren ikerketa sakona egiteko modurik baliagarriena eta aproposena, Kongresuko ikerketa batzordeetan ohikoa den 'pimpampum' prozeduratik urrun", adierazi du taldeak. Adibide gisa jarri dituzte Frantzian edo Alemanian egindako ikerketak.
EAJren arabera, formula hori "adeitsuagoa" izango da gainera biktimekiko, kontuan hartuta gertatutakoaren larritasuna eta hori jorratzeko behar den "izugarrizko sentikortasuna".
Oharrean, alderdiak Eliza katolikoak gertatutakoaren aurrean azaldutako jarrera gaitzetsi du. Izan ere, "Bilboko Gotzaitegiarena bezalako salbuespen ohoragarriak salbuespen", uko egin dio gertatutakoa argitzen lagunduko duen barne-ikerketa bat abiatzeari.