Gizartea
Koronabirusa
Sagarduik defendatu egin du covid pasaportea luzatzea, transmisioa "muturrekoa" delako
EiTB Media
Osasun sailburuak gogorarazi du txertaketa "sustatzeko" neurria dela ziurtagiria.
-
Covid ziurtagiria. Argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du egun koronabirusaren transmisioa "muturrekoa" delako eskatu duela Gobernuak covid pasaportea luzatzea.
Hain zuzen ere, txertaketa ziurtagiria otsailaren 1etik 13ra arte luzatzea eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariaren Exekutiboak EAEko Auzitegi Nagusiari, eta epaileek asteartean aztertuko dute eskaera.
"Herritarren artean txertaketa sustatzeko neurria da pasaportea", laburbildu du sailburuak, LABIren bileraren ostean egindako agerraldian. Bilera horretan, murrizketak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du LABIk.
Sagarduiren hitzetan, azken asteetan ospitaleratutako pertsona gehienak, % 70 inguru, txertatu gabe daude. Horregatik, txertaketa "prebentzio neurria" dela adierazi du, covid-19aren "kutsakortasuna ahultzeko".
"Pasaportea eskatzea lagungarri izaten ari da txertaketa tasak hobetzeko", nabarmendu du.