Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Euskadik murrizketak mantenduko ditu eta covid ziurtagiriaren erabilera luzatzeko eskatuko du

EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzak iragarri du covid ziurtagiria otsailaren 13ra arte exijitzen jarraitzeko baimena eskatuko diola EAEko Auzitegi Nagusiari. Halaber, batzorde zientifikoak neurri murriztaileak eusteko gomendatu du. LABI instituzionala ostiralean bilduko da, 16:30ean.

  • Covid egiaztagiria. Argazkia: EFE.

    Covid egiaztagiria. Argazkia: EFE.

Pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileek, tartean covid ziurtagiriak, indarrean jarraituko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. LABIren batzorde zientifikoa murrizketak mantentzearen alde agertu da osasun egoera aztertu ostean, eta Iñigo Urkullu lehendakariak proposamen hori defendatuko du LABI instituzionalak ostiral honetan (16:30) egingo duen bileran.   

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du espazio jakin batzuetara sartzeko covid ziurtagiria erakusteko beharra otsailaren 13ra arte luzatu nahi duela eta horretarako baimena eskatuko diola Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari.

Gainera, Iñigo Urkulluren gobernuak osasun ziurtagiria espazio gehiagotara zabaldu nahi du, hotel, ostatu turistiko eta joko-aretoetan ere beharrezkoa izan dadin.

Covid pasaportearen indarraldia urtarrilaren 31n amaituko da, astelehenean. Epe hori amaitzeko hiru egun falta direnean, Eusko Jaurlaritzak epea bi astez luzatzea eskatzeko erabakia hartu du.

Pasaportea abenduaren 4an sartu zen indarrean aisialdiko eta dantzaldiko jardueretan, hala nola diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizuna duten dantzalekuetan, musika-tabernetan, karaokeetan eta 50 lagunetik gora har ditzaketen jantokietan.

Ondoren, abenduaren 15etik aurrera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren baimena jaso ondoren, ostalaritza osora zabaldu zen, baita beste eremu batzuetara ere, hala nola ospitaleetara, egoitzetara, gimnasioetara, kiroldegietara eta kultura-ikuskizunetara.

Lehenengo aginduak, abenduaren 4koak, amaiera-datarik ez bazuen ere, bigarrenak urtarrilaren 31 ezarri zuen indarraldi-muga gisa. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bi aukera zituen: pasaportearen eskakizuna bertan behera uztea edo EAEko Auzitegi Nagusiari luzatzeko eskatzea.

Horren aurrean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki beharko du horren indarraldia luzatu eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen erabilera berriak onartu ala ez.

Urkullu, neurri murriztaileei eustearen alde

Bilbon gaur goizean egindako ekitaldi batean lehendakariak adierazi duenez, pandemiaren bilakaera "positiboa" da, baina egoera epidemiologikoak "zaila izaten jarraitzen du".

Lehendakariaren hitzetan, gaur egungo adierazleak abenduaren 28an LABIren Aholku Batzordea elkartu zenean baino "okerragoak" dira.

"Arrazoi hori dela eta, batzorde zientifiko-teknikoak neurriak indarrean mantentzeko gomendatzen digu. Zuhurtzia eta zorroztasuna gomendatzen digute. Hori da nik ere aholkatzen dudana", gehitu du.