Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

EAEko 16 udalerri handitan 4.000tik gorakoa da oraindik intzidentzia metatua

ANE SANTESTEBAN | EITB Media

Ondorengoak dira: Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Deba, Eibar, Elgoibar, Eskoriatza, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Pasaia eta Usurbil, Gipuzkoan; Agurain, Araban; eta Elorrio, Bizkaian.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Intzidentzia metatuak ia ez du hobera azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta 5.000 biztanle baino gehiagoko 16 herrik 4.000 kasuko intzidentziaren langa gainditzen dute, covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera.

Araba da intzidentzia handiena duen lurraldea. Gaurko datuen arabera, baina, jaitsi egin da apur bat intzidentzia, 3.816 kasuraino (4.636 kasukoa zen astelehenean). Udalerri handi guztiak daude 4.000 kasuko intzidentzia metatuaren azpitik, Agurain izan ezik (4.035). Gasteizek 3.984 kasuko intzidentzia tasa du, eta 4.884koa zuen astelehenean.

Bizkaian, asteleheneko 4.003 kasuetatik 3.272ra jaitsi da 100.000 biztanleko intzidentzia metatua. Bilbon, 4.122 kasuko intzidentzia-tasa zegoen astelehenean, eta gaur, berriz, 3.383ra jaitsi da. Elorrio da Bizkaian 4.000 kasutik gora dituen 5.000 biztanletik gorako udalerri bakarra. Udalerri gehienak 3.000 kasuren bueltan daude.

Gipuzkoa da bigarren lurralde zigortuena, Arabaren atzetik. Azken datuekin alderatuta, jaitsiera garrantzitsua izan du, 100.000 biztanleko 3.773 kasuko intzidentzia baitu gaur (4.461koa zuen astelehenean). Donostian ere, datuek hobera egin dute eta 3.763 kasuko intzidentzia du (4.247koa zen urtarrilaren 24an).

Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Deba, Eibar, Elgoibar, Eskoriatza, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Pasaia eta Usurbil udalerriek 4.000 kasutik gorako intzidentzia izaten jarraitzen dute.

Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.