Itxi

Gizartea

ZALDIBAR

Zaldibarren izandako luiziari buruzko informazio gehiago eskatu dio Europako Parlamentuak Europar Batzordeari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Europako Parlamentuko eskaera batzordeak ikerketa zabalik mantentzea erabaki du. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak Zaldibarko zabortegian 2020ko otsailean izandako luizian hil ziren, hondakinen azpian harrapatuta.

  • Zaldibarko zabortegia izandakoaren egonkortze lanak

    Zaldibarko zabortegia izandakoaren egonkortze lanak. Artxiboko argazkia: Irekia

Europako Parlamentuko eskaera batzordeak Zaldibarko zabortegian izandako luiziari buruz duen informazio guztia helarazteko eskatu die Europako Batzordeari eta Eusko Jaurlaritzari. 2020ko otsailean izandako luizian bi langile hil ziren hondakinen azpian harrapatuta: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Gainera, Verter Recycling enpresak kudeatzen zuen Zaldibarko zabortegian egindako lur eta zabor mugimenduei buruzko ikerketa zabalik mantentzea erabaki du.

Carlos Alonso Ekologistak Martxan taldeko abokatuak egin zion eskaera Europako Parlamentuari, Ermuko San Lorentzo auzo elkartearen eta Zaldibar Argitu plataformaren izenean. Zehazki, erakunde horri eskatu zion ikertzeko ea Zaldibarko zabortegian Europar Batasuneko legea urratu ote zen hondakinen kudeaketari dagokionez. 

Eskaera horren ondotik, Europako Batzordeak gaiari buruzko txostena osatu behar izan zuen duela urtebete, eta ondorioztatu zuen ez zela urraketarik egon agintarien aldetik, baina zehaztu zuen esku artean zuen informazioa agintariek emandakoa zela.

Aipaturiko txostena ez da oraindik Europako Parlamentura iritsi. Gauzak horrela, eskaera batzordeko presidente den Dolors Montserrat popularrak informazioa bidaltzeko eskatu dio Europako Batzordeari.

Bestalde, gaurko saioan, Carlos Alonso abokatuak eurodiputatuei esan die esku artean duen informazioa helarazteko prest dagoela.