Gizartea
KORONABIRUSA
R0 indizeak astebete egin du goranzko joeran Euskadin, kutsatzeen jaitsiera kolokan jarrita
Naiara Ballesteros | EITB Media
7 eguneko intzidentzia metatua igo egin da, eta asteko positiboen kopurua ia ez da jaitsi. Asteazkenean, 15.457 proba egin dira eta 6.032k eman dute positibo, guztien % 39k.
-
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Pandemiaren egoerak Euskadin okerrera egin du adierazle ia guztien igoerarekin. Datu positibo bakarra ospitaleetako presioa da, altua bada ere, pixka bat jaitsi baita Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). ZIUetan, 103 paziente kritiko zeuden asteazkenean (112 ziren igandean), eta 649 paziente zeuden gela arruntetan (aurreko aldizkari ofizialean 730 jaso zituzten). Hala ere, eguneko ospitaleratzeen kopuruak okerrera egin du, 103 izan baitziren atzo, azken bi asteetako kopururik altuena.
Birusaren birsorkuntza-indizeak, gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duenak, etengabe igotzen jarraitzen du, eta R0 indizea 1era hurbiltzen ari da. Egoera horren aurrean, ezin da pandemiaren transmisio komunitarioa kontrolatutzat eman. Adierazle hori 0,69an zegoen duela astebete, eta 0,94ra igo zen atzo. EAEko hiru lurraldeetan egin du gora: Gipuzkoak du R0 indizerik txarrena (0,97), eta Bizkaia (0,94) eta Araba (0,89) ditu atzetik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiak EAEn izan duen bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu ostegun honetan, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordeak beste bilera bat egingo duen egunaren bezperan.
Aldea positiboen kopuruan nabaritzen da; 7.798 ziren azken neurriak ezarri ziren egunean, eta 6.032 zenbatu dituzte atzo. Hain zuzen ere, 15.457 test egin dituzte atzo, orain hilabete baino 11.000 proba gutxiago.
14 eguneko intzidentzia-tasa metatua ere ez da duela hilabete baino hobea, jaisten jarraitu duen arren, 100.000 biztanleko 3.551,97 kasukoa baita. Datozen egunei begira, ziurgabetasun-egoera bat irekiko da; izan ere, 14 eguneko intzidentziak beheranzko joerari eusten dion arren, 7 eguneko intzidentzia metatua (epe laburragoan zer gerta daitekeen iragartzen du) atzo 1.583 kasukoa izatetik 1.585 kasukoa izatera igaro.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, intzidentzia okerragoa dute Araban, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 3.816,98 kasukoa baita. Ondoren, Gipuzkoa (3.773,02) eta Bizkaia (3.272,46) daude.
Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadin covid-19aren aurkako egungo murrizketei eustea gomendatzen du, gaur egungo egoera duela hilabete baino "okerragoa" delako, pandemiaren seigarren olatua geldiarazteko neurri berriak hartu arren. Izan ere, omikron aldaerak pandemian inoiz erregistratu ez diren kopuruak ekarri baititu, eta, hilgarriagoa ez bada ere, tenkatu egin du ospitaleetako presioa.