Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Covid pasaportea bertan behera uztea eta murrizketak berrikustea: LABIk mahai gainean izango dituen gaiak

EITB MEDIA

Oraingoz, baieztatuta dagoen erabaki bakarra eskola kirolaren itzulera da. LABI instituzionala ostiralean batzartuko da, 16:30ean.

1:15
Covid pasaportea. Irudia: EITB Media

LABI instituzionala berriz ere bilduko da ostiral honetan, hilabeteren ostean, 16:30ean. Mahai gainean, bi kontu izango dituzte lehendakariak eta erakundeetako ordezkariek: osasun pasaportearen erabilera aztertzea eta egun indarrean dauden murrizketak luzatu edo ez erabakitzea.

Oraingoz, baieztatuta dagoen neurri bakarra eskola kirolaren itzulera da, ostiral honetatik bertatik. Bestalde, litekeena da covid pasaportea bertan behera uztea, dagoeneko Kantabrian eta Asturiasen egin duten bezala. Izan ere, neurri horren eraginkortasuna norainokoa den aztertzen ari da Jaurlaritza.

Txertatze ziurtagiriaren erabilera luzatu nahiko balu, Jaurlaritzak berriz ere baimena eskatu beharko lioke EAEko Auzitegi Nagusiari. Eta neurria amaitzeko egun gutxi falta diren honetan (astelehenera arteko baimena eman zuten epaileek), oraingoz ez du egin.

Testuinguru honetan, beraz, zalantza nagusia da murrizketekin zer gertatuko den. Ostiralean amaituko dira, eta, joan den astean, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak ez zuen baztertu Gobernuak neurriak luzatzea. Azken egunetan, baina, ez dute pistarik eman ez Iñigo Urkullu lehendakariak, ez Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

LABIren Aholku Batzordearen azken bilera abenduaren 28an egin zuten. Besteak beste, ostalaritza 01:00etan ixtea erabaki zuen, eta lokaletan edukiera orokorra % 60koa izan zen, gehienez 10 pertsonako taldeekin. Gainera, barran kontsumitzeko debekua ezarri zuen.

Neurri horiek jasotzen dituen dekretua abenduaren 29an sartu zen indarrean, eta, oraingoz, urtarrilaren 28ra arte egongo da indarrean.

eitb.eus-ek zuzenean eta streaming bidez eskainiko du LABIren bileraren osteko agerraldia.