Gizartea
KORONABIRUSA
Lehendakariak ostiralerako deituko du LABI instituzionala
EITB Media
Gaur egungo murrizketak urtarrilaren 28ra arte daude indarrean. Bileran hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, covid pasaportearen erabilera luzatzea ala ez.
Elizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiak sustatzen duen "Carmelo Etxenagusia" ohorezko Aipamenen III. Edizioa Bilboko BBK Aretoan emateko ekitaldira joan aurretik, Urkulluk azaldu du aztertzen ari direla bera buru duen LABIren mahai instituzionalak ostiralean beste bilera bat egiteko aukera, egoera epidemiologikoa aztertzeko eta une honetan hartu beharreko neurriei buruz erabakitzeko.
Ostiraleko bileran, besteak beste, covid ziurtagiriaren erabilera aztertuko dute. Urtarrilaren 31n amaitzen da covid ziurtagiriaren indarraldia, eta luzatu nahi izanez gero, baimena eskatu behar zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari. Horren harira, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du luzapena eskatu behar bazaio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari, beste batzuetan egin den bezala, "garaiz" egingo dela.
Bilbon, kazetarien galderei erantzunez Urkulluk adierazi duenez, hainbat erkidegok covid ziurtagiria bertan behera utzi badute ere (Kantabria, kasu), beste batzuek eutsi egiten diote, zenbait herrialdek egin bezala. Euskadin "covid ziurtagiriaren inguruko egoera guztiak aztertzen ari gara", gaineratu du.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, seigarren olatua "pixkanaka-pixkanaka" behera egiten ari den heinean, "orain arte bezala, neurriak pandemiaren bilakaerara egokituko ditugu, baina betiere irizpide teknikoei erantzunez". Bilbon egin den gosari informatibo batean, onartu du ez dakiela LABIren bilera noiz izango den, baina lehendakariarekin hitz egin duela "agendak ordenatzeko".
Aholku Batzordearen azken bilera abenduaren 28an egin zen. Besteak beste, ostalaritza goizaldeko ordu batean ixtea erabaki zuen, eta lokaletan edukiera orokorra % 60koa izan zen, gehienez 10 pertsonako taldeekin. Gainera, barran kontsumitzeko debekua ezarri zuen.
Neurri horiek jasotzen dituen dekretua abenduaren 29an sartu zen indarrean, eta urtarrilaren 28ra arte egongo da indarrean. Adituek aholkatzen dutenaren arabera, luzatu egin daitezke.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak atzo, asteartea, jakinarazi zien foru-aldundiei urtarrilaren 28tik aurrera eskolaz kanpoko jarduera guztien etenaldia bertan behera uzteko aldebakarreko erabakia; beraz, egun horretatik aurrera, eskola-kiroleko lehiaketei ekingo zaie berriro.