Itxi

Gizartea

Tragedia Mediterraneoan

'Aita Mari'k 280 pertsona, tartean zazpi hildako, zeramatzan ontzi bati laguntza eman dio

Agentziak | EiTB Media

Italiako agintariek salbamenduko hiru ontzi bidali dituzte, eta 'Aita Mari'ri eskurik ez hartzeko agindua eman diote gauerdian. 270 pertsona baino gehiago Lampedusa uhartean lehorreratu dituzte.

  • 'Aita Mari'k Mediterraneoan lagundutako ontzia. Argazkia: maydayterraneo

    'Aita Mari'k Mediterraneoan lagundutako ontzia. Argazkia: maydayterraneo

SMH gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari euskal ontziak "arriskuan" zegoen ontzi bati laguntza eskaini dio Italiako uretan. Jitoan zegoen ontziak 280 pertsona zeramatzan, tartean zazpi hildako. Gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez, Italiako buruzagiek "eskurik ez hartzeko" agindua eman diete.

SMH gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean astearte honetan jakinarazi duenez, Aita Mari Lampedusako hegoaldera bidean zegoen astelehenean, 20:30 aldera arrantza-ontzi baten eta Lampedusa Irratiaren arteko elkarrizketa baten informazioa jaso zuenean.

Euskal erreskate ontzia zonaldera abiatu eta behin ontzia aurkitu ondoren, Espainia, Malta eta Italiako agintariak jakinaren gainean jarri zituen.

Italiako agintariek salbamenduko hiru ontzi bidali dituzte, eta Aita Mari-ri eskurik ez hartzeko agindua eman diote gauerdian.

Etorkinak zeramatzan ontziaren ezaugarriak (15 metro inguruko luzera) eta itsasoaren egoera kontuan hartuta, maniobra zail batean "arrakasta" izan dute Italiako ontziek, SMHk azaldu duenez.

Alarmphone gobernuz kanpoko erakundeak astearte honetan jakitera eman duenez, 270 pertsona baino gehiago Lampedusa uhartean lehorreratu dituzte. Aita Mari-k Mediterraneoan nabigatzen jarraitzen du, erreskate eta monitorizazio lanekin jarraitzeko.