Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Hirugarren dosia koronabirusarekin kutsatu eta bost hilabetera atzeratzea gomendatu du Osasun Publikoak

EITB Media

Era berean, kutsatutako 5-11 urteko haurrek infekzioa izan eta zortzi astera dosi bakarra jasoko dutela adostu du batzordeak.

  • Pertsona bat txerto bat jasotzen. Argazkia: EFE.

    Pertsona bat txerto bat jasotzen. Argazkia: EFE.

Espainiar Estatuko autonomia-erkidegoak eta Osasun Ministerioa ordezkatuta dituen Osasun Publikoaren Batzordeak erabaki du txertaketa-jarraibide osoa jaso duten pertsonek, eta gero SARS-CoV-2 bidezko infekzio sintomatikoa edo asintomatikoa dutenek, infekzioaren eta hirugarren dosia ematearen arteko tartea gutxienez 4 astekoa izango dela. Hala ere, infekzioa diagnostikatu eta bost hilabetera ematea gomendatu dute.

"Gaur egungo ebidentziak erakusten duenez, lehen txertaketaren jarraibide osoa izan ondoren SARS-CoV-2ak eragindako infekzioa izateak erantzun immune indartsuagoa eta zabalagoa ematen du birusaren beste aldaera batzuk neutralizatzeko, infekzioa bakarrik izan zuten edo bi dosi baino jaso ez dituzten pertsonen erantzun immunearekin alderatuta", justifikatu du Osasun Ministerioak.

Gainera, azaldu dutenez, omikron bidezko infekzioek "memoria-zelulek S proteinaz bestelako antigeno birikoei ematen dieten erantzuna areagotzen dute, delta aldaerak txertaketaren ondoren eragindako infekzioekin alderatuta, eta horrek immunitatea zabaltzea dakar".

Halaber, Osasun Publikoak egindako eguneratzearen arabera, covid-19aren aurkako txertoa jaso aurretik kutsatzen diren 5-11 urteko haurrek dosi bakarra jasoko dute infekzioa diagnostikatu eta zortzi astetik aurrera. Infekzioa lehen dosiaren ondoren diagnostikatzen bada, aldiz, bigarren dosia emango dute infekzioa diagnostikatu ondorengo 8 astetik aurrera, eta zortzi asteko tarteari eutsiko zaio lehen dosiari dagokionez.